Enkarguzko marrazkia edozein euskarritan

Guaixe 2014ko urtarrilaren 9a

Itxaso Albarracinek (diseinu grafikoa) eta Maria Goñik (arte plastikoak) bat egin dute Paint your idea egitasmoa aurrera eramateko. 2012ko udan elkartu ziren bi esparruen uztarketatik proiektua garatzeko. Albarracinek azaldu digunez, “gure lana erretratu, paisaiak… enkarguz marraztean datza. Baina lortzeko teknika digitala erabiltzen ditugu. Horrela, lortutako irudia edozein euskarritan inprima daiteke, eta mugarik gabe”. Lan molde horrekin “irudi beraren hainbat kopia egin daitezke, tamaina eta euskarri ezberdinetan aurkezteko, modu ekonomikoan”.

Euren lan tresnak tableta grafikoen moduko gailu digitalak dira, baina pintura simulatzen duten filtroak dituzten programak erabili gabe. Sortzen dituzten diseinu artistikoak eskuz marraztuak dira, teknika digitalak erabilita. Hala, olioa, akuarela, grafitoa eta bestelako teknika tradizionalak simulatzea lortzen dute. “Gu, pintore moduan, teknologia berriek eskaintzen duten aukera sorta handira batzen gara, eskuzko tekniken esentzia (plastizitatea, ehundura, kolore mota…) mantentzen dugun bitartean”.

Euren proiektua abenduaren 19an Txantreako txorimalo tabernan aurkeztu zuten, Iruñeko Pecha Kucha Night delakoaren bigarren saioan. 20 irudiren bitartez eta irudi bakoitzari 20 segundo eskainiz proiektua modu informal eta soil batean aurkeztu beharra zuten.