Gaur probatuko du Aitor Zubietak

Guaixe 2014ko urtarrilaren 14a

Eskua hobe du etxarriarrak eta litekeena da larunbateko partidan aritzea

Aitor Zubieta pilotari etxarriarrak gaur proba egingo du, Etxarrin, eta bihar, pilota aukeraketaren ondoren, entrenamendu serioa egingo du. Bi saio horien ondoren erabakiko du jolasteko moduan dagoen ala ez.
Zubietak eskuin eskuko zurda batean du arazoa. Azaroaren 24an Bergaran jokaturiko partidan handitu zitzaion, eta geroztik kargatu egiten zaio. Hori gertatu zitzaion Berasaluze II.aren eta Albisuren kontra, eta ia partida osoa ezkerrarekin bakarrik jokatuz aritu behar izan zuen. Badirudi eskuko zurdak hobera egin diola atzelariari eta Binakakora bueltatzeko baikor dago etxarriarra. Xala ere sukarraz osatu da eta, gauzak ongi, bikoa larunbatean Irujoren eta Barriolaren kontra jokatzeko prest legoke.