Bilduk eta NaBaik PPko zinegotziaren jarrera salatu dute

Guaixe 2014ko urtarrilaren 16a

Herriko presoekiko eta haien familiekiko eta gertukoekiko elkartasuna adieraztea helburu duten ekimenak kriminalizatu dituela uste dute, horretarako faltsukeriak eta manipulazioa erabiliz

Urtero moduan, Eguberrietan, euskal presoen aldeko diru bilketa egin zen Etxarri Aranatzen. Jasotako dirua presoen senideek urruneko espetxeetara egin beharreko bidaietako gastuak arintzeko erabiltzen da.

Horren berri izan zuenean, PPko zinegotzi  Juan Antonio Extremerak “gogor gaitzetsi zuen ETAren inguruak herritarrei eta dendariei egiten dien estortsioa”. Extremeraren iritziz, etxeetan ““talde terroristako presoendako dirua eskatzeko” banatutako gutunekin “bizilagunak beldurtuta eta bortxatuta sentitzen dira edo senti daitezke”. Gaineratu zuenez, “herriaren historiarekin, halakoek beldurra sortzen dute laukorik eman nahi ez dutenen artean”. Horregatik, PPkoak azken bilkuran kondena mozioa aurkeztu zuen, “etxarriarrak beldurtu, herriaren irudia zikindu eta enpresek eskualdean egin ditzaketen  inbertsio berriak urruntzen dituelako”.

Koalizioak batera
Hari erantzunez Etxarriko Bildu eta NaBaiko taldeek mozio bateratu bat adostu zuten. Bi koalizioek nabarmendu zutenez, “PPk aurkeztutako mozioa guztiz faltsua den oinarritik abiatu da, eta faltsukeria horretatik gezur handi bat eraiki du, presoen sakabanaketaren ondorioak pairatzen dituzten familiak eta gertukoak kriminalizatzen dituena”. Aldi berean, azaldu zioten herri ekimenaren asmoa zela “sakabanaketak beren sorterritik ehunka kilometrotara preso daudenen familiakoei eta gertukoei kalte ekonomikoa eragiten diela kontuan izanik, seme-alabak, neba-arrebak… bisitatzeko milaka kilometro egin behar horrek dakarren gastu itzela arintzea, neurri txiki batean bada ere”. Bildutik eta NaBaitik PPri “gatazkari irtenbidea bilatzeko” inplikatzeko eta “konpromisoa” eskatu zioten.

Aldi berean, popularrari nabarmendu nahia leporatu zioten: “PPk ez du parte hartzen ez udal jardueran, ez Etxarri Aranazko herritarren eguneroko gaien kudeaketan. Aldiz, egoera puntual batzuk baliatzen ditu protagonismoa bilatzeko eta nabarmen gelditzeko”. Hainbat hedabideren laguntzaz, PPk “Sakanako udalen jarduera kriminalizatzea eta hura baldintzatzea helburu duen estrategia” garatu duela salatu zuten.