Otsailaren 2an presidentea aukeratzeko hauteskundeak eginen dira El Salvadorren. Eskuinak 20 urte gobernuan eman ondoren, azken bostetan Funes-FMLN bikoa izan da boterean. Hauteskunde prozesuan eskuina zatitua aurkeztuko da eta FMLNek lehen itzulian hauteskundeak irabazteko aukera du, “Aldaketa Gobernuaren jarraipena bermatuz; programa sozial arrakastatsuei jarraipena eman eta eraldaketa politiketan sakontzen joan ahal izateko”.
Horregatik, Euskal Herriko hainbat sektore politiko eta sozialek, hauteskundeetatik harago, elkartasun osoa adierazi diote FMLNri. Bi herrialdeen arteko adiskidetasun eta elkartasun konpromisoa nabarmendu dute. FMLNren aldeko agiri bat zabaldu dute norbanako eta erakundeek babesa adierazi diezaioten. Aldi berean, hilaren 26an Altsasun FMLNren alde El Salvadorren lagunek antolatu duten ekitaldian parte hartzera deitu dute.
Dokumentala
Romero artzapezpikua: Eliza eta herri mugimenduak El Salvadorreko gatazkan. Gaur, 19:30ean Etxarri Aranazko Karrikestu elkartean ikusteko aukera izanen da. Ondoren Peio Goiatxe mediku internazionalista nafarrak hitz eginen du.