Etxarri Aranazko abesbatzakoa izan nahi duzu?

Guaixe 2014ko urtarrilaren 22a

Koralak ahots berrien premia du eta interesatu guztiei gonbitea luzatu die

Eguberrietako oporren ondoren, Etxarri Aranazko abesbatza lanean hasi da berriz ere. Udaberrirako zenbait egitasmo ditu esku-artean, baina egitasmo horiei behar bezala erantzuteko abeslari berriak behar dituela jakinarazi du. Abesbatzatik jakinarazi dutenez, “kontzertuei dagokienez, urte hasiera da urteko arorik lasaiena eta, alde horretatik, jende berria hasteko garai egokia da”.

Etxarriko koralak ahots guztiak indartzeko beharra du: tenoreak, baxuak, sopranoak eta kontraltoak. Interesa duten kantariei bi baldintza eskatzen dizkiete: abesteko gogoa eta ilusioa izatea, batetik, eta, bestetik, entsegutara eta kontzertuetara joateko konpromisoa. Abesbatzatik gaineratu dute solfeo edota kantuko oinarrizko ezagutza izatea lagungarria dela, “baina ez da ezinbestekoa”.

Harremanetarako
info@coraletxarriaranaz.com. Astean bi egunetan entseatzen du: astearte eta ostiraletan, 21:30etik 23:00etara.