Odolemaile egiteko deia

Guaixe 2014ko urtarrilaren 29a

Urteko festan 14 odolemaileri egin zitzaien aitortza

Igandean ospatu zuen Nafarroako Odol-emaileen Elkarteko (Adona) Etxarriko ordezkaritzak bere urteko festa. Iturri eder tabernako topaketan elkartu zirenen aurrean Adonako kide Pedro Eskiroz medikuak hitza hartu zuen odolemaileen meritua nabarmentzeko: “odola ematea pertsonen arteko elkartasun eta komunikazio ekintza bat da”. Odola emanez bizitzak salbatzen direla nabarmendu zuen. Eta gogora ekarri zuen populazioaren %80ak inoiz odoletik eratorritako produkturen bat beharko duela.

Eskirozek etxarriarrak animatu zituen “odol ematea herrian gizarte-ohitura bihurtzeko” lan egin dezaten. Horregatik, euren inguruan dituzten pertsonei odol-emaile egiteko eskatzea proposatu zuen.

Datuak
Adonak Etxarrin 443 bazkide ditu. Haietatik pasa den urtean 137k eman zuten odola. Haietatik 173 herrira etorritako autobusean egin ziren eta gainontzeko 55ak beste herri batean emandakoak ziren. Guztira 228, aurreko urtean baino 134 gutxiago, autobusa ere egun bat gutxiago etorri zelako. Joan den urtean 5 odolemaile berri egin ziren.

14 domina
Ekitaldian odola 50 aldiz emateagatik 3 domina eman zizkieten Jose Ramon Araña Petriatiri, Jose Luis Asensio Igoari eta Juan Mari Garciandia Markotegiri. Zilarrezko domina odola 25 alditan eman dutenei banatu zieten: Igon Anduaga Goñi, Remedios Karasatorre Artieda, Ana Maria Claver Vital, Jose Ignacio Ganuza Belaskoain, Iosu Garmendia Garcia, Mª Carmen Lopez Galarza, Isidro Luis Tabar, Soledad Olkoz Alvarez, Cesar Razkin Igoa, Jose Antonio Senar Elso eta Jose Andres Ulaiar Maiza.



Nola egin odol-emaile
Autohemoteka edo odola ateratzeko autobusa herrira etortzen denean hara joatea besterik ez egin behar. Bestela, Iruñean dagoen Nafarroako Odol Bankura joan daiteke. Nafarroako Ospitalearen ondoan dago, sarrera ondoan, ezkerretara dagoen eraikina da.