Etxarrin Alderdi Popularreko zinegotzi den Juan Antonio Extremerak Guardia Zibilaren aurrean salaketa jarri du gutun bidez jasotako mehatxu batengatik. Diario de Navarrak zabaldu duenez, Extremerak lantokian jaso zuen gutuna. Idatziak irainekin batera 9 mm-ko bala baten marrazkia du eta akaberan Euskadi eta Bildu goratzen dituen esapideak.
Zinegotziak aipatu egunkariari egindako adierazpenetan esan du ez duela beldurrik. “Botoa indarkeria justifikatzeko erabiltzen dutenen salaketa egiten segituko dut”. Boluntario aurkeztu zenean erraza ez zela izanen bazekiela ere gaineratu du popularrak. Igandean, bestalde, El Pais egunkariak PPko zinegotziek Sakanan bizi duten egoeraz erreportajea argitaratu zuen eta zabaldu zuenez PPko hautetsi guztiek bizkarzaina dute.
Arbuioa
Bildu Etxarrik ohar baten bidez jakinarazi du PPko zinegotziak jasotako mehatxuarekin, “agerikoa denez”, ez duela ezer ikustekorik. Koalizioak Extremerak jasotako mehatxuak arbuiatu egin ditu eta gogora ekarri du hala egin duela aurretik ere, Bilduko zinegotziek mehatxuak jaso dituztenean. Mehatxu horiek guztiak ere “elkarbizitza demokratikoaren kontrako egintza” direla adierazi dute Bildutik.
Koalizioko Etxarriko kideek azaldu dutenez, “bake prozesuaren alde, normalizazio politikoaren alde eta askatasunaren alde lan egiten jarraituko dugu”. Aldi berean, Bilduk etxarriar guztiei dei egin die “elkarbizitzaren alde eta gizarte demokratiko bat eraikitzearen alde lan egin dezaten, irainak eta probokazioak alde batera utzita”.