Jokoa berreskuratuko dutela espero du Zubietak

Guaixe 2014ko otsailaren 6a

Aitor Zubieta.
Gaur material aukeraketa eginen dute Xala-Zubietak eta Olaizola-Aretxabaletak

Binakakoan ongi hasi ziren Xala eta Aitor Zubieta etxarriarra baina krisialdian daude, azken lau partidak galdu baitituzte. “Ongi, ongi… ez ginen ongi hasi. Emaitza honekin bai, hiru garaipen lortu genituelako, baina txapelketa hasi baino hilabete bat lehenago eskuetan arazoekin hasi nintzen. Partida gogorrak jokatu genituen eta emaitzak alde genituen, baina ni ez nengoen nire onenean. Bi aste eman nituen frontoitik kanpo, eskuak berreskuratzeko, baina oraindik ez naiz guztiz ongi aritu” onartu du atzelari etxarriarrak.

Dena den, aste honetan positiboago dago Aitor. Nahiz eta igandean Titin eta Merinoren kontra galdu, sentsazio onekin geratu zen etxarriarra, eskuak hobe zituelako. “Orain arte ez naiz eroso aritu. Ezin ongi jokatu, ezin gustura entrenatu, juxtu-juxtu, deseroso ibili naiz. Baina eskuak hobeto ditut eta aste honetan gustura entrenatu dut. Gaur (ostegunean) material aukeraketa egingo dugu eta gero Xalarekin batera entrenatuko dut Ogetan. Sentsazio onak ditut” adierazi digu etxarriarrak.

Gora egingo dutela uste du
Aitor Zubietak azpimarratu du orain arte ez dutela euren mailarik eman. “Orain arte ez dugu gure maila eman, inondik inora. Baina pentsatzen dut gure jokoa berreskuratuko dugula, gorakada emango dugula. Zorte pixka bat behar dugu, Xala eta biok ongi funtzionatzen hasteko. Alde horretatik moralarekin gaude, badakigulako orain arteko emaitza kaxkarren arrazoia zein den, zerk baldintzatu gaituen. Hobeto nago, eta Xala ausart eta konfiantzarekin badago, eta partidetara garantiekin ateratzen bagara, hau da, gure maila emanez, lasai aterako gara gure jokoa egitera eta gora eginen dugu, ziur” azpimarratu du Zubietak.

Galtzetik datozen Aimar Olaizola eta Aretxabaleta izanen dituzte aurkari. Aimarren kontra aritzeak ez du Zubieta kezkatzen. “Guk gure jokoa egiten badugu kontrarioa zein den berdin da. Ongi jokatuta eta gure jokoa eginda irabazten bagaituzte, kontrarioa zoriontzea besterik ez dago, baina orain arte ezin dugu ongi aritu eta horrek ematen dizu amorru gehiena. Baina pentsatzen dut gure jokoa berreskuratuko dugula. Aimarrek bolada ona darama, lesiorik gabe, eta horrek ahalbideratzen dizu modu jarraituan jolastea, ongi ibiltzea. Aparte bera fenomeno bat da, baina guk gurea ematen badugu, jakinda eman ahal dugula, oso zail jarriko dizkiogu gauzak” gaineratu du etxarriarrak. Partida lehiatua izango dela aurreikusten du “txoke polita, ikusgarria, biok irabazi nahiko dugulako”.

Txapelketa oso irekia ikusten du Zubietak. “Bigarren buelta osoa falta da eta txapelketa zabal-zabalik dago”. Denok dituzte aukerak, eta ea Xalaren eta Aitor Zubietaren itzulera iristen den. Ate handitik.