Xalak eta Zubietak Urrutikoetxea eta Beroizen kontra jokatuko dute larunbatean Maulen. Atzo pilota aukeraketa egin zuen laukoteak. Xalak eta Zubietak 105,2, 105,3 eta 105,4 gramoko pilotak aukeratu zituzten eta Urrukikoetxeak eta Beroizek pilota pisuagoak, 105,8, 106,2 eta 105,4 gramokoak.
Aitzakiarik gabe
“Pilotaleku handia da, zoru oso azkarrarekin eta pareta noblearekin. Frontoiarekin eta materialarekin ez dago inolako aitzakiarik” adierazi zuen Aitor Zubietak. Partidak jakin mina handia piztu du Zuberoan, eta herritar ugari bildu ziren material aukeraketa ikustera. “Larunbatekoa oso partida garrantzitsua da. Irabazten badugu, Urruti eta Beroiz alderatuko genituzke. Ogetan ia 1.000 pilotakada jo bagenituen, Maulen beste horrenbeste egin beharko dugu” gaineratu zuen etxarriarrak, eskuengatik “bolada oso txarra” pasa duela onartu ondoren. “Jokoa berreskuratu dugu eta alde horretatik ongi sentitzen naiz, konfiantza hartu dugulako. Olaizola eta Aretxabaletaren kontrako garaipenak binakakoaren borrokan sartu gaitu, baina lehen ez ginen horren txarrak ezta orain hautagaiak” azpimarratu du etxarriarrak, sailkapena oso estu dagoenez geratzen diren partida guztiek garrantzi borobila dutela adierazi nahirik.
Oraindik eskuineko eskua guztiz ondo duela ezin du esan etxarriarrak, baina hobera egin du eta horrekin konformatu beharko da. “Partidak irabazteak beti ematen du konfiantza, sasoi hobean gaude eta arazoak pixkanaka desagertuz doaz. Urrutikoetxea eta Beroizen aurkako partida gogorra izango da” nabarmendu du.