Sormena tortura salatzeko tresna

Guaixe 2014ko otsailaren 20a

Sakanako makina bat sortzaileren torturaren salaketa artistikoa hartu zuen Etxarri Aranazko kultur etxeak igande arratsaldean. Pasa den ostegunean Euskal Herriko torturaren kontrako eguna zela eta antolatutako ekitaldirako propio sortutako lanak izan ziren igandean eman zirenak: musika, bertsolariak, dantzariak, zirkoa, antzerkia, erakusketa, eskalatzaileak, umorea, txalapartariak…

Antolakuntzan aritu ziren Alaznek, Olatzek eta Sagrak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu zutenez, bi hilabete eman dituzte ikuskaria prestatzen. Astero dozena erdi bat sortzaile bildu izan dira eta 30 egile koordinatu dituzte. Guztiek euren diziplina erabiliz torturari buruzko ikuspuntua eman zuten. Alaznek, azaldu zuenez, hasiera batean arte erakusketa bat sortzeko asmoa zuten. Baina elkarrizketek diziplina arteko ikuskari bat sortzera eraman zituen.

Sortzaile talde berak Etxarri Aranatzen Artie Kalia antolatu zuen, estalopea sortzaile mordo baten lanen erakustoki bihurtu zuena. Olatzek esan zuenez, sortzaileek euren deiak erantzuten dituztenez, biltzen jarraituko dute eta ekitaldi berriak etorriko dira.