Frankismoko biktimen auzian deklaratu du Etxabek

Guaixe 2014ko otsailaren 20a

Asteartean, Madrilgo Argentinako kontsuletxean eta bideo konferentziaz, Jon Etxabek Maria Servini epaile argentinarraren aurrean deklaratu zuen. Modu hori erabiliz deklaratu duten frankismo garaiko aurreneko biktimetako bat izan da Etxabe. Apaiz ohia eta Burgosko prozesuan auzipetua, ordu batez eman zituen azalpenak.

1969an atxilotu zutenekoa, zazpi egunetako torturak eta espetxealdiko giza eskubideen urraketen berri eman zizkion Etxabek epaileari. Torturatzaileen izenekin batera, Zamorako espetxea estatuarena eta elizarena zela gogorarazi zuen. Burgosko prozesuaren berri emanez despeditu zuen deklarazioa. Epaile baten aurrean halakoak esateko aurreneko aldia zela eta pozik zegoen Etxabe.