Bardoak, Nafarroako Taldekako Bertso ekimenaren hirugarren asteburuan parte hartzen ari diren bi talde sakandarrak lehiatuko dira. Haietako bat, B multzoan dagoen Bilixkorriko, etxean ariko da. Etxarriko gaztetxeko eszenatoki gainean Eneko Lazkoz, Oier Lakuntza, Alain Iriarte eta Unai Artieda bertsolariak kantuan ariko dira. Saioa Maider Ansak aurkeztuko du eta taldearen ordezkari lanean Artzai Iraurgi izanen da. Lehiaketako bigarren puntua eskuratu nahiko du Bilixkorrikok.
Sakandarrekin neurtuko den taldea Etxeko Kontuk da. Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu eta Amaia Elizagoien bertsolariek osatzen dute. Malerreka-Baztango taldeak ere puntu bat du. Saioa irabazten duenak eginen du lehiaketan aurrera.
Barañainera
D multzoan, duela bi aste Arbizuko saioa galdu ondoren, Bizkorratxiko talde sakandarreko bertsolariak Barañainera joanen dira igandean Miluzeko Barañetak taldearekin neurtzeko. Bertso merendua dago iragarria 19:00etatik aurrera Haizea elkartean.
Saioaz gozatzera eta ahal bada puntua ekartzeko asmoz joanen dira Barañainera etzi Joxema Leitza, Joseba Beltza, Saats Karasatorre eta Aitor Zubiria. Aurrean Ander Baiano, Ander Perez, Mintxo Astiz, Pablo Perez, Edurne Errea eta Iker Mundiñano bertsolariek osatutako taldea izanen dute. Bi taldeek ere ez dute punturik eta ohorezko puntua eskuratzea izanen dute helburu, lehiaketan aurrera egiteko txartela Leitzako Harrapazank taldeak baitu.