Gure bardorik gabe aurrera eginen du lehiaketak

Guaixe 2014ko otsailaren 24a

Bardoak, Nafarroako taldekako bertso ekimenaren lehen fasea despeditu da. Hura hasi zuten 16 taldeetatik bigarren fasera sei taldek egin dute aurrera eta haien artean ez daude ez Bilixkorriko ezta Bizkorratxiko sakandarrak.

Aurrenekoak ostiralean Etxarri Aranazko gaztetxean Baztan-Malerrekako Etxeko Kontuk taldearekin neurtu ziren. 90 bertsozaleren aurrean aritu ziren Eneko Lazkoz, Oier Lakuntza, Alain Iriarte eta Unai Artieda sakandarrak eta Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu eta Amaia Elizagoien bisitariak. Irabazten zuenak lehiaketan aurrera eginen zuen. Bi taldeek saio orekatua eskaini zuten, maila onekoa, bizia eta umoretsua tarteka. Baina akaberan bisitariek eraman zuten puntua eta harekin lehiaketan aurrera egiteko aukera.

Gehiago
Igandean, Barañaingo Haizea elkartean, Miluzeko barañetak taldearekin neurtu ziren Bizkorratxikoko Joxema Leitza, Joseba Beltza, Saats Karasatorre eta Aitor Zubiria bertsolari sakandarrak. Batzuk eta besteek ez zuten ezer jokoan, baina giro polita jarri zuten emanaldian. Etxeko taldeak, Ander Baiano, Ander Perez, Edurne Errea eta Pablo Perez bertsolariek osatutako taldeak, lortu zuen jokoan zegoen puntua.

Gauzak horrela, bigarren fasean sei talde neurtuko dira, bi saiotan. Halaxe parekatu dituzte:  Zortziko Haundiena eta Lepanatuek 2; Bertze Maldikoak eta Etxeko Kontuk eta, azkenik,  Harrapazank eta 12 obario eta 11 pedrada. Azken horretan Haizea Beruete txantrear-lakuntzarra dago. Saioak martxoaren 7tik 30era jokatuko dira eta finala apirilaren 12an izanen da, Lesakan.