Bakaikoaren Nafarroa, Espainiako txapelduna

Guaixe 2014ko martxoaren 4a

Joanes Bakaikoa, Nafarroako selekzioko taldekideekin.
Gazte mailako Espainiako Pilota Txapelketako txapelduna da Nafarroa, eskuz eta erremintan. Joanes Bakaikoak eta Joseba Sarasak irabazi zuten binakako finala

Asteburuan Gazteen Mailako Espainiako Txapelketako eskuzko eta erremintako finalak jokatu ziren Logroñon. Aurreko asteburuan eskuzko buruz buruko eta larru paletako finalak jokatu ziren, eta Nafarroako ordezkariak izan ziren garaile. Eta asteburu honetan eskuzko binakakoa eta pala motzako finalen txanda izan zen.

Eskuzko binakakoan Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta Joseba Sarasak ordezkatu zuten Nafarroa. Errioxako Unai Laso eta Iñigo Martinez izan zituzten arerio. Final gogorrean, lehendabiziko jokoan 10-9 gailendu ziren nafarrak. Bigarren jokoan seira berdindu zuten bi bikoek, baina Bakaikoak eta Sarasak 4 tanto egin zituzten jarraian eta partida irabaztea eta urrezko domina kolkoratzea lortu zuten. Pala motzako finalean Peio Egaña eta Isaac Ziaurriz gailendu ziren eta txapelketako final guztiak irabazita, Nafarroa da Espainiako Txapelketako gazte mailako txapelduna.