Binakako finalerdietako lehendabiziko jardunaldian, Yves Xalak eta Aitor Zubieta etxarriarrak Mikel Urrutikoetxea eta Mikel Beroiz izanen dituzte aurkari igandean, Eibarren. Material aukeraketa gaur, eginen dute, ostegunean, 11:30ean, Astelena pilotalekuan.
2010ean Binakako txapeldunak izan ziren Xala eta Zubieta, eta aurten behetik gora egin dute txapelketan. Zubietak eskuetan zituen arazoak zirela medio, arazoak izan zituzten txapelketaren hasieran, baina etxarriarraren eskuak hobera egin eta lehendabiziko garaipena iritsi eta gero, konfiantza eta jokoa berreskuratu eta txapelketa ona egin dute ordutik. Finalerdietara sailkatu diren lau bikoak zerotik hasiko dira orain. Binakako hasierako ligaxkan Urrutikoetxearen eta Beroizen kontra jokatutako bi partidak irabazi egin zituzten Xalak eta Zubietak (22-20 eta 22-16) eta ea finalerdietan hala gertatzen den.