Bi jardunaldi geratzen dira gazteen mailako 2. mailako liga despeditzeko, baina Etxarri Aranatzek egin ditu etxeko lanak. Eta nola, gainera. Sekulako denboraldia burutzen ari dira Etxarriko gazteak. Duela bi asteburu matematikoki igoera fasea jokatzeko sailkatu ziren, Ardoiren kontra 0-2 irabazi eta gero. Eta azken asteburu honetan, San Cerninekin bana berdindu eta gero, 2. mailako 4. multzoko liga irabaztea lortu du Etxarrik (58 puntu). Doneztebe bigarrenari 7 puntu ateratzen dizkio Etxarrik. Lakuntzako Lagun Artea 6.a da (38 puntu). Asteburu honetan Etxarrik Beti Kozkor izanen du arerio eta Lagunek San Fermin ikastola. Zorionak Etxarriko gazteei eta ea igoera fasean gauzak ongi doazkien eta gazteen lehen mailara pasatzea lortzen duten. Maila horretan ari dira Altsasuko jubenilak. Asteburu honetan hiruna berdindu zuten Buñuelekin eta sailkapenean 14.ak dira, beheko postuetan.
Taldekideak
Etxarriko gazte mailako futbolariak: Andoni Goikoetxea, Lukas Fernandez, Joanes Ijurko, Julen Gonzalez, Iñaki Razkin, Adrian Garciandia, Ander Zelaia, Julen Iragui, Eneko Lopez, Jon Resano, Mikel Maiza, Andoni Agirre, Ivan Cerezo, Jurgi Kintana, Ibai Senar, Asier Estarriaga, Jon Razkin, Mikel Arratibel eta Julen Iriarte. Entrenatzaileak: Iosu Murgiondo eta Jose Guillorme.