Udalarekin harremanak euskaraz izateko deia

Guaixe 2014ko martxoaren 28a

EHEko kideek bihar arratsaldean, plazan, eskaera-orriak etxarriarren esku jarriko dituzte

Udalak eta biok euskaraz dinamikaren barruan, Etxarriko Euskal Herrian Euskaraz-ko (EHE) kideak bihar, 18:00etatik aurrera, plazan izanen dira. Ordu batez herriko eragileekin ariko dira, udalarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bermatzeko eskaera-orriaren nondik norakoak azaltzeko. 19:00etatik aurrera edozein etxarriarrek ere sinatu ahalko du EHEren eskaera-orria. Haiek arduratuko dira gero udaletxean aurkezteaz eta jarraipena egiteaz. Udala herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa izanda neurri batean euskararen aldeko hizkuntza politika egiteko aukera duela eta horixe bermatzeko eskaera pertsonalak sinatzeko deia egin dute EHEtik.