Xala-Zubieta 2010ko txapela berritzera?

Guaixe 2014ko martxoaren 31

Finalerdiko lehen jardunaldian lekuindarrak eta etxarriarrak 13 tantotan utzi zituzten Urrutikoetxea-Beroiz. Igandean Aimar eta Aretxabaleta dituzte zain

Binakako 2. finalerdia
Irujo-Barriola / Urrutikoetxea-Beroiz (larunbatean Labriten. NITRO)
Olaizola II.a-Aretxabaleta / Lasa-Zubieta (igandean Atanon. ETB1)

Ikaragarria. Modu ikusgarrian aritu ziren Yves Xala eta Aitor Zubieta igandean Eibarren, Urrutikoetxearen eta Beroizen kontra. 2010ean txapeldunak izan ziren Xala eta Zubieta, eta orduan bezala jokatu zuten igandean. Urrutikoetxea eta Beroiz baino askoz gehiago izan ziren lapurtarra eta etxarriarra. Finalera sailkatzeko pausu inportantea egin dute Xalak eta Zubietak, baina finalerdietako ligaxka despeditzeko geratzen diren 2 partidetatik beste bat irabazi beharko dute horretarako.

Aitor Zubietari kosta egin zitzaion partidan sartzea. Nahiz eta Aspekoak aurreratu, Urrutikoetxeak eta Beroizek seina berdintzea lortu zuten. Baina hortik aurrera kolore gorria izan zuen partidak. Xala izan zen partidako onena. Binakakoan orain arteko partidarik onena jokatu zuen eta sekulako errezitaldia eman zuen: sakez, boleaz, pilota atzera bidaliz, txokora bidalitakoak… tantoak bata bestearen atzetik egin zituen. Atzean Urruktikoetxea ez zen bere onenean egon eta etxarriarra partidan sartu zen. Bukaeran, 22-13 gailendu ziren Xala eta Zubieta. “Oso ongi sentitu nahiz, fresko. Aitor eroso ibiltzeko pilota bat topatu dugu, niri jokoan sartzea ahalbideratzen zuena, eta pilota horrekin min asko egin diegu. Orain errekuperatzea tokatzen zaigu, hurrengo partidarako” zioen Xalak bukaeran. Urrutikoetxearen gantxo bat erantzutera zioala Lekuindarrak kolpea hartu zuen harmailaren kontra, eta hartutako kolpearekin pixkat kezkatuta dago Xala.

Aimar-Aretxabaleta zain
Xalak eta Zubietak Aimar Olaizola eta Andoni Aretxabaleta dituzte hurrengo arerioak. “Sekulako maila dute eta guk dena ongi egin beharko dugu beraiei irabazi ahal izateko” zioen Xalak. Irujo ordezkatu zuen Aritz Lasari eta Barriolari irabaztetik eta txapeldun bikaina egitetik datoz Olaizola eta Aretxabaleta, eta faboritoak dira. Baina Xalak eta Zubietak primeran ezagutzen dute elkar, txapeldunak izanak dira eta txapela janzteko gogoz daude. Igandean partida ikusgarria espero da. Beste lehian, Irujo-Barriolaren kontra ariko dira Urrutikoetxea-Beroiz.