Binakako finalerdietako 2. jardunaldia jokatuko da asteburuan. Atzo Irujo-Barriolak eta Urrutikoetxea-Beroizek materiala aukeratu zuten Labriten, eta gaur Xala-Zubieta eta Olaizola-Aretxabaletaren txanda izanen da. Bi bikoek igandean jokatuko dute partida, Donostiako Atano III.ean, eta bertan eginen dute material aukeraketa, gaur eguerdian.
Hain zuzen ere Donostiara irten baino lehen hitz egin dugu Aitorrekin. Berak adierazi digunez, ongi dago, sasoi betean “astetik astera gusturago”.
Partida gogorra aurreikusten du
Binakako hasierako ligaxkan, Olaizolak eta Aretxabaletak 22-19 irabazi zieten Xala eta Zubieta ordezkatu zituzten Aritz Lasari eta Ceciliori. Eta, hurrengo lehian, Xala-Zubietak 22-20 irabazi zieten Olaizola-Aretxabaletari. Hortaz, lehia oso estua espero da igandean Donostian. Hala uste du ere atzelari etxarriarrak. “Partida gogorra izango da. Bi bikoak momentu onean gaude. Guk Gasteizen irabazi genien, baina orain beste momentu batean gaude, finalerdietan. Frontoi ezberdina, pilota ezberdinak… partida berria izango da. Eta oso gogorra. Badakigu beraiek irabazteko gai garela eta horretan saiatuko gara” esan digu Zubietak, Donostiako material aukeraketara joan baino lehen.
Euren taktika zein izango den galdetuta, euren jokoa egiten saiatuko direla erantzun digu etxarriarrak. “Beti jolasten dugun bezala aritzea, hori izango da gure taktika. Partida gogortzen saiatuko gara. Xala kubritzen saiatuko nahiz, bera kantxan lasai egoteko, bere airera. Betiko moduan aritzera aterako gara” nabarmendu du.
Asteartean entrenamendu gogorra egin zuten Xalak eta Zubietak elkarrekin eta lekuindarra igandean hartutako kolpeaz ongi dagoela baieztatu digu etxarriarrak. Gaur aukeraketa egingo dute eta bihar, ostiralean, entrenamendu saio gogorra. Ea bigarren finalerdia irabazi eta finalean egotea lortzen duten Xalak eta Zubietak.