Apirilak 13an, Etxarri Aranatz
Zazpitan ehun urteetan herri, guztion eskutik malko ta irri. Arbasoena eta gu denon aberri, izan dadila hitza denon aldarri. Denon esku , ni, zu, gu, zuek eta eurak. Idei ezberdinak bide berri bat.
Eraikitzeko zubi bat, galdetu herriari eta amets egiteko hitza hartu, hitz egin.
Apirilan atzean elurrak, hamahiruan ahaztu beldurrak. Aiherra utzi, ez dugu, bizkarrez bizitzerik. Hitza emanez ez dugu mugarik.
Etxarrik emango du lehen pausoa, bihurtzeko eskubide bat denon gogoa. Biharko eguna,guztion ardura.
Gure eskuekin, gure modura
Herri honen etorkizuna herritarron esku dago. Gure herria iritzi ezberdinak dituen herritarrez osatua dago eta hortaz, iritzi guzti horien errespetuan oinarritua beharko luke gure herriaren etorkizunak.
Horregatik modu natural eta normalizatu batean herritarron iritzia herri galdeketa bidez jakin nahi dugu. Uste dugu Etxarri Aranazko herriak baduela heldutasun demokratiko nahikorik herritarroi iritzi guztiak haintzat hartuko dituen ariketa bat proposatzeko, elkarren arteko errespetuzko jarreretatik abiatuz eta aurretiko inolako posizionamendurik gabe.
Etxarriko herritarrei “Nahi al duzu Euskal herri independiente bateko herritarra izan?” galdera proposatuko dion ariketa demokratiko bat, bai; herritarron arteko harremanak hobetzeko asmoz bultzatu nahi duguna. Erabakitzeko eskubidea ariketa praktiko gisa, hemen, Etxarrin, gure herrian, norberak bere iritzia eman dezan askatasun osoz. Asko dira zergatiak:
- Iritzi guztien topaleku bihurtu nahi dugulako herri galdeketa. Denok izango dugu gure iritzia emateko aukera; baiezkoarekin, ezezkoarekin edo bozka txuriarekin
- Inor ez garelako inor baino gehiago. Elkarren arteko errespetuan oinarritua
- Demokrazian sakontzeko aukera delako. Pertsona bat, bozka bat. Bozkatzeak herritarroi boterea ematen digulako
- Irabazle bakarra gure herria izango delako. Elkarren ezagutzan sakonduko dugulako. Etxarri herri anitza, tolerantea, heldua, lasaia baina aktiboa izateaz harro gaudela erakutsiko dugulako.
- Historian mugarri. Zerbait handiagoaren hasiera izan daitekeelako. Euskal Herrian bidea urratzen lehenengoak izango garelako
Hala ere Etxarritik haratago ere luzatu nahi dugu gure gonbidapena eta sakandarrak, nafarrak, Euskal Herritarrak demokrazia festa horren testigu izatera gonbidatu nahi ditugu. Beso zabalik hartuko ditugu kanpotik datozenak, iritzi guztien topaleku eta erabakitzeko eskubidearen aldarrikapen egun haundi batean parte hartzera gonbidatuz.
Apirilaren 13an, denok Etxarri Aranatzera!
Mikel Mundiñano “ Zato”