Binakako Txapelketan Aimar Olaizolaren eta Andoni Aretxabaletaren kontra finala nork jokatuko duen dago erabakitzeko. Xala-Zubietak eta Irujo-Barriolak gaur arratsaldean Bilboko Bizkaia pilotalekuan (ETB1) jokatuko duten partida irabazten duen bikoak lortuko du finalerako txartel preziatua.
Bi bikoek finalean egon nahi dute eta hil ala biziko partida espero da. Partida aurreko igandean jokatzekoa zen, baina Irujok atzerapena eskatu zuen, eskuko minagatik, gaurko jai egunean, jokatuko da lehia.
Binakako hasierako ligaxkan elkarren kontra aritutako bi partidetan, lehenengoan 22-12 irabazi zuten Irujok eta Barriolak eta bigarrenean 22-13 gailendu ziren Xala eta Zubieta. Hortaz, lehia estua espero da. Baina finalerdietan, Xalak eta Zubietak finalerdiko azkeneko partida gaizki jokatu zuten –3 tantotan utzi zituzten Olaizolak eta Aretxabaletak– eta egoerari buelta eman eta konfiantza hartu nahian dabiltza. Irujok eta Barriolak, aldiz, nagusitasun osoz irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Beroizi. Irujoren ezker eskuak nola erantzungo duen da airean dagoen beste kontu bat, baina Iberokoa sasoian egongo dela aurreikusten da eta beraiek izango dira faboritoak. Ea atzelari etxarriarrak frontoian bere tokia egiten duen eta berak eta Xalak maiatzaren 4ko finalean egotea lortzen duten.