Irailean hasiko dira Utzubar txikiko urbanizazio lanak

Guaixe 2014ko apirilaren 17a

Urbanizazio berria ikastolaren eraikin berria, hilerria eta futbol zelaia hartuko ditu. Baita eskola ere.
Aldapasoro auzoko sareen eta zolaren berritzea heldu den urtean eginen da

Etxarri Aranazko Udalak 1.718.649,18 euroko aurrekontua onartu du Bilduren eta NaBairen aldeko botoekin eta PPren kontrakoarekin. Joxi Bakaikoa alkateak esan digunez, gizarte gastua ez jaisteko ahalegina egin dutela nabarmendu dute. Aldi berean, gizarte zerbitzuen bidez ahalik eta kontratazio gehien egiteko modua jarri nahi izan du Etxarri Aranazko Udalak eta zortzi bat izanen dira kontratatuak. Zorrak kentzeko dirua ere bideratuko du udalak.

Inbertsioen atalean Utzubar txikiko urbanizazioa dago. Alkateak esan digunez, ongikoz irailean hasiko lirateke lanak. Ura, gasa eta argindar sareak, espaloia eta zoladura berriak eginen dira ikastolaren eraikin berrira, futbol zelaira eta hilerrira eramateko. Eskola pareraino eginen da urbanizazioa.

Bestalde, Bakaikuak jakinarazi digu heldu den urtean berrituko direla Aldapasoro auzoko ur hornitze eta saneamendu sareak eta zoladura. Toki Administrazio Departamentuarekin finantziazioa hitzartua dagoela jakinarazi digu alkateak. 2009-2012 Toki Inbertsioen Planean erreserban gelditutako lana izan zen Aldapasorokoa, 2011n egin zitekeena. Orduan 700.000 euroko inbertsioa aurreikusten zen.

PPko Juan Antonio Extremerak aurreontuen kontra bozkatu zuen eta salatu zuen Etxerat erakundeari 4.000 euro eman izana. Diru publikoa preso dauden ETAko kideen bisita bidaiak diruz laguntzeko erabiltzea “amorragarria” da Extremerarendako.

Inbertsioak
Elkarte, erakunde eta abarrekin hitzarmenak 342.306,04
Utzubar txikiko urbanizaizo lanak     97.944,38
Festak, erromeriak eta abar    72.000
Kultur programazioa               46.000
Argiteria publikoa                   45.600
Musika eskola                        33.000
Herri mantenua, altzariak eta beste  9.000
Baso hobekuntzak                   5.500
Liburu digitala                         3.000