Ipuin bakoitza errealitatearen argazki bat da

Guaixe 2014ko api. 16a, 19:30

Narrazio eta ipuin laburrez osatutako liburua kaleratu du Alfredo Alvaro Igoak.

91 orrialdetan egunerokotasunaren hainbat istorio txiki jaso ditu Potroak odoletan liburuan Alfredo Alvaro Igoak; eguneroko lanak uzten ez dion askatasunez idatzi ditu Guaixeko erredaktoreak, umorea, irudimena eta gogoeta uztartuz, adjektiboak nahi izan dituen moduan konbinatuz.

Egoera batekin pixka bat nekatuta egoteak bultzatu zuen idaztera: gizon indartsuaren, gogorraren eta handi-mandiren estereotipoaren irudiarekin hautsi nahiak. “Gizonezko batzuentzat “potroak” dira arrazoibide guztirako. Liburuan, ordea, gizonak ahul agertzen ziren egoerak islatu nahi izan ditut. Errealitateko mila gertakaritatik abiatuta ideia hori landu nahi izan dut” azaldu digu egileak. Baita emaitza ona lortu ere, XXI. mendeko gizonaren irudi errealagoa emanez.

Idatzi guztiak dira laburrak, batzuk esaldi bakarrekoak, eta luzeenak bi orrialdekoak. Ipuinaren teknika erabili du, baita bertsolariena ere bai, haietako askoren akaberan gatzaeta piperra jarriz edo bukaerako esaldian trama argituz.  

Irudiak, web orria eta musika
Letraz aparte irudiz ere hornitu nahi izan du liburua. Horretarako Jose Mari Morcillo, Morkots-en laguntza izan du. Berak ilustratu ditu sei narrazio. Liburuaren azala, berriz, Jabi Bergararen eskultura baten argazki indartsu batekin osatu du. Baina ipuinak ez ditu soilik irudiekin lotu, doinuekin ere bai. Hala, Internet bidez, beste ipuin batzuk kantuekin lotuta daude.

Ander Goñiren laguntzarekin web orria osatu du. Ipuinetako pertsonaia gutako edozein izan gaitezkeela dioen aipua jarri du goiburu gisa:  izan gaitezkeelako urlia, sandia edo berendia. Web orri horren bitartez eskuratu daiteke liburua, baita egileari buruzko informazio gehiago. Egileak jakinarazi digunez bi astetik behin edo liburuko narrazio bat igoko du web orrira. Irakurleek iruzkinak egin ahal izanen dituzte.

www.urlia.eu
liburua, ePUB edo DPF bertsioetan aipatu web orrian, ez baitago paperezko bertsiorik. Bide bera erabili dezake interesatuak bere diru ekarpenak egiteko. Guztiak, zuzenean, Bierrik fundazioak jasoko ditu.