Etxarrik irabazi du Gazteen Bigarren Mailako 4. multzoko liga, 61 punturekin. Lakuntzako Lagun Arteak ere lan polita egin du eta 5.a sailkatu da, 45 punturekin. Liga irabazteaz gain, Gazteen Lehen Mailara igotzeko igoera faserako sailkatu da Etxarriko taldea.
Igoera fasea ligaxka moduan jokatuko da. Etxarri Aranatz, Corellano, Ardoi eta Aoiz taldeek osatzen dute multzoetako bat. Euren artean ligaxka jokatuko dute eta talde onenak eginen du aurrera.
Hurrena: Ardoi
Asteburuan lehen jardunaldia jokatu zen. Etxarrik Corellano hartu zuen zalez beteta zegoen San Donato zelaian. Partida lehiatuan, bina berdindu zuten bi taldeek. Asteburuan Zizurren jokatuko du Etxarrik, Ardoi taldearen kontra. Ea puntuak pilatzen segitzen duen Etxarrik.
Altsasu, lehen mailatik jaisteko arriskuan
Asteburuan Gazteen Lehen Mailako 29. eta azken aurreko jardunaldia jokatu zen. Altsasuk garaipen inportantea lortu zuen, Mutilberari 3-1 irabazi baitzion. Momentuz, Itaroa Uharte da lider, 70 punturekin. Altsasu 14.a da, 28 punturekin. Azkeneko jardunaldian, Bidezarraren kontra ariko da Altsasu. Tamalez, 14. postutik 16. postura bitarteko taldeak bigarren mailara jaitsiko dira. Sailkapena oso estu dago eta Altsasuk mirari handia beharko luke salbatzeko, baina esperantza ez da galdu behar eta azken jardunaldiak erabakiko du.