Bertso Afari Txapelketa baino gehiago

Guaixe 2014ko maiatzaren 9a

15 bertsolari neurtuko dira bihar Etxarri Aranatzen

Bosgarren urtez Karrikestu elkarteak Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketa (BAT) antolatu du. Euskal Herriko herrialde bakoitzeko bertsolari bana elkartu eta afal ondoren txapelketa jokatzea izan da aurreko lau urteetako dinamika. Aurtengorako, ordea, Karrikestukoek, aurreko edizioetan parte hartu duten 21 bertsolariak gonbidatu dituzte eta 15ek baiezkoa eman dute. Hala, afaria giroko bertso-txapelketa zena, egun erdiko ospakizuna izatera pasa da.

Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketako egitaraua 14:00etan elkartean bertan eginen den bazkariarekin abiatuko da. Mahaitik jaso eta, 17:00etatik aurrera, Etxarri Aranazko tabernetan barna ibiliko dira bertsolariak, kanporaketetan. Taberna bakoitzeko txapelduna gauean gaztetxean jokatuko den finalera pasako da. Azken saiorako hautaketa despeditu ondoren, Etxarri Aranazko Gazte Asanbladak auzatea eskainiko du gaztetxean, 21:00etan. Gazte egoitzan, 22:30ean, finala jokatuko da. Eta hura despeditu ondoren, DJ Bull izanen da gaztetxean. Karrikestu elkarteari antolakuntzan Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Etxarri Aranazko Udalak, Bierrik Fundazioak eta Gazte Asanbladak lagundu diote.

Parte-hartzaileak
Eneko Lazkoz, Saioa Alkiza, Oier Lakuntza, Egoitz Gorosterrazu, Aimar Karrika, Beñat Gaztelumendi, Maddi Ane Txoperena, Arrate Illaro, Iñaki Viñaspre, Oier Arbina, Jone Uria, Xumai Murua, Julio Soto, Eneritz Zabaleta eta Odei Barroso.


Eneko Lazkoz
Antolatzaile eta parte-hartzailea

Zergatik sortu zen BAT?
Karrikestu elkarteko kultura taldeak bertsolari gazteendako sariketa bat antolatu nahi zuen. Hura garatu eta nazio mailako ikuspegia eman zitzaion eta lurralde guztietatik bertsolariak ekartzea erabaki zen. Urtero sei bertsolari izan ditugu, EAEko hiru, Iparreldeko bat eta Nafarroako bi.

Txapeldunak errepikatu izan du, ezta?
Irabazleak hurrengo urtean defendatu du txapela. Azken biak berak irabazi zituen. Bosgarren edizioa zenez zerbait berezia egin nahi izan dute, eta orain arte parte hartu duten guztiak gonbidatzea erabaki genuen.

Kanporaketak tabernetan, nola?
Trikitilariekin batetik bestera joanen gara eta bakoitzean, zozketa bidez, zeinek kantatuko duten erabakiko da. Hiruzpalau izanen dira eta ordu erdiko saioa eginen dute taberna bakoitzean. Sei tabernetako onenak gaztetxeko finalera joanen dira. Festa moduko bat izanen da eta finalera zein pasako den esatea ez da erraza. Zein bertsolari dauden ikusita, ziurrenik maila oneko finala izanen da.

Lanak? Eta epaileak?
Tabernetako kanporaketetan binakako gai batzuk eta bakarka puntuak erantzutea. Ordu erdiko saioak. Finaleko lana guztiz zehaztu gabe dago. Kanporaketak epaitzen bi ariko dira eta beste hiru finala epaitzen.