Azoka gardena izanen da etzi Etxarri Aranatzen izanen dena. Hau da, nekazari eta abeltzainak beraiek izanen dira eurek sortzen dituzten produktuak salduko dituztenak. Aukeran garaiko kalitate handiko eta prezio oneko produktuak izanen dira azokako 25 postuetan. Gainera, eguerditik aurrera gaiteroak, gazta tailerra, herri kirolak eta euskal zerri errearen dastatzea, ganadu feria eta gehiago opatuko ditu.
Azoka Belardin eta EHNE sindikatuan biltzen diren ibarreko nekazari eta abeltzainen ekimenari esker sortu zen. Sindikatuak orain dela lau urte ARCO (Ardura Partekatutako Nekazaritza) jarri zuen martxan. Salmenta zuzena eta bide motzako merkaturatzea bultzatzen du eta filosofia horri jarraituz sortu zen Etxarriko azoka. Aurtengo azokak Etxarriko udalaren eta Leader programako 4. ardatza (Feader) Europako nekazaritza eta landa-gunea garatzeko funtseko diru-laguntza zein Nafarroako Gobernuaren babesa du Cederna Garalurren bitartez.
Zatoz Baratzera
Aurten EHNEk, Garalurren babesarekin, martxan jarri duen egitasmoaren izena da Zatoz Baratzera. Helburua NAfarroako Mendialdean ARCOren funtsa zabaltzea da. Horretarako sei azoka antolatuko dira udaberri-uda partean. Dagoeneko bi azoka egin dira eta Etxarrikoa da hirugarrena. Atzetik etorriko dira Irunberri, Otsagi eta Aibekoak. Azoka horietan, batez ere, eskualdeko nekazari eta abeltzainak dira protagonistak eta EHNE sindikatuan afiliatutako Nafarroako beste eskualdeetako nekazariek osatzen dute eskaintza. Horrela kontsumitzaileek elikagai aniztasuna aurkituko dutela ziurtatzen da.
EHNE-Belardiren apustua
Belardik EHNE sindikatuan dauden Sakanako nekazari eta abeltzainak hartzen ditu. Hiru urte dira lanean hasi zirela. Ama-Lurra azoka izan zen aurreneko emaitza. Baina pasa den urtean Irurtzungo udazkeneko azokaren berreskuratu zuen, beste erakunde eta elkarteekin batera, eta errepikatzeko modukoa izan zena. Prestakuntza ere lantzen ari dira Belardikoak ere. Hala, Cederna Garalurren laguntzarekin, larreen kudeaketa iraunkorrari buruzko ikastaroa antolatu zuten eta Alina de Castro irakasle ezaguna izan zen Sakanan. Ikastaroaren osagarri Iparraldera egindako bidaia izan zen. Larreen kudeaketarako eredu iraunkorrak praktikan ikusi zituzten.
Aldi berean, EHNE-Belardiko abeltzainek apustu garbia egin dute euren pentsuetan eta ustiategietan transgenikoak ez erabiltzeko. Ahalegin horrekin bat egin du Sakanako zereal eta pentsu enpresa hornitzaile batek eta bere eskaintzatik transgenikoak kendu ditu. Azokan horren berri emanen du enpresak.