Binaka korrika egiteko lasterketa Etxarrin

Guaixe 2014ko maiatzaren 14a

Maiatzaren 25ean jokatuko da Andra Mari Ikastolaren I. Binakako Lasterketa-Naparpellet Saria

Andra Mari ikastolak lasterketa berezia antolatu du maiatzaren 25ean, 11:00etan, Etxarri Aranatzen: Andra Mari ikastolaren I. Binakako Lasterketa-Naparpellet Saria. Lasterketaren berezitasuna da binaka egin beharko dela korrika. Kasu honetan, haurrak heldu batekin batera egingo du laster. Haurraren gurasoa, osaba-izeba, lehengusua, bizilaguna, laguna… izan daiteke.

Bost maila ezberdin izango ditu probak: haur hezkuntza (200 m), lehen hezkuntzako 1.go eta 2.mailak (400 m), lehen hezkuntzako 3. eta 4.mailak 800 m), lehen hezkuntzako 5. eta 6. Mailak (1200 m), eta azkena, 12 urtetik gorakoen maila (1280 m, ikastola berrira joan etorria). 12 urtetik aurrerakoen kasuan beraien artean elkartu daitezke bikotea egiteko.

Lasterketa herrikoia eta irekia da, nahi duen guztiak parte hartu dezake. Andra Maritik nabarmendu dutenez, Sakanako haur guztiak bertan parte hartzera gonbidatzen dituzte. Lasterketa guztiak bukatu ondoren auzatea izango da.

Izena ematea maiatzaren 20ra arte
Izena ematea Andra Mari ikastolan egin beharko da, maiatzaren 20ra arte. Bikote bakoitzak 2 € ordaindu beharko ditu, ikastolan. Maiatzaren 20tik aurrera eginez gero biko bakoitzak 4 € ordaindu beharko ditu. Egunean bertan ere izena eman ahal izango da udaletxeko estalopean, 10:00etatik aurrera. Partaide guztiei argazki bat egingo zaie gero opari bezala jasoko dutena.