Bosgarrena Gaztelumendirendako

Guaixe 2014ko maiatzaren 15a

Giro ederra izan zen Etxarrin Bertso Afari Txapelketako edizio berezian.

Bertsolari gazteendako sariketa bat martxan jarri zuen duela bost urte Karrikestu elkarteak: Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketa (BAT). 21ek Etxarriko plazan aritzeko aukera eman ondoren, zikloa ixteko garaia heldu zaie aurten elkartekoei. Euren asmoari helduta hurrengo urtean belaunaldi berriko bertsolariak gonbidatzeko asmoa baitute. Bitartean, garai bat despeditzeko sariketaren saio berezia prestatu zuten larunbatean.

Bertso Afari Txapelketa (BAT) elkartetik herri guztira zabaldu zen larunbata arratsaldean. Trikitalariak lagun taberna batetik bestera ibili ziren (Iratxo, Xapatero, Leku Ona, Derry, Larraza eta Karrikestu) bertsolariak eta zaleak. Dozena erdi tabernetan egindako ordu-erdiko saio bakoitzeko onena sailkatu zen finalerako.

Neurketa
Gaztetxeko azken txartela Arrate Illarok, Oier Lakuntzak, Jone Uriak, Beñat Gaztelumendik, Julio Sotok eta Eneko Lazkozek eskuratu zuten. Finaleko lehen fasean, hasierako agurren ondoren, zortziko handian eta txikian hiruna bertso abestu zituzten ofizioka bertsolariek. Bakarka bina bertso abestu zituzten eta binaka, Iparragirreren doinuan, hiruna bertso egin zituzten ofizioka Joseba Andoni Beltza gai-jartzailearen esanetara.

Buruz burukorako Jone Uria eta Beñat Gaztelumendi sailkatu ziren. Kartzelako ariketarekin hasi zen buruz burukoa eta jarritako gaiari bina bertso abestu zizkieten. Librean kantari despeditu zuten saio puntuagarria. Josu Etxanobek, Josema Leitzak eta Nerea Bruñok osatutako epaimahaiak Gaztelumendiri eman zion txapela, Karrikestu elkarteak eman ziona. Gainontzeko bertsolariek ere saria izan zuten, Etxarri Aranazko Udalak, Nafarroako Bertsozale Elkartea, Etxarriko Bertso Eskolak, Gazte Asanbladak eta Bierrik Fundazioak emandakoak. Ondoren goizaldera arte luzatu zen festa.