Haien kantuekin osatutako diskoarekin “kontentu” daudela esan du Beleixe Irratian (FM 107,3) Mikel Mundiñanok, Zatok. Hamar kantek osatzen dute Mugitu! diskoa. Aurretik argitaratu lau kantu jasotzen ditu lanak. “Eskakizun ezberdinei erantzunez sortutakoak dira: Etxerat, Aurrera begira, Lurrari lotu eta Sorgin bat gehiago. Kataluniatik ekarritako Gora herri askeak ere diskoan dago. Hala, aurretik zituztenei batzeko kantu berriak sortu eta horrela diskoa ontzea erabaki zuten Tximeletako kideek.
Sorkuntza lanaz galdetuta Mundiñanok azaldu du azaro-abenduan bukatzen dutela plaza denboraldia eta, gainera, nork bere lana duela. Sortzeko “bakoitzak etxean ideia batzuk landu ditu eta gero hori entsegu tokira eraman ditu”. Gaur egun teknologiak horretarako erraztasuna ematen duela nabarmendu du Zatok. Kanpo iritzi bat ere eskertu dute. Josu Erbiti aritu da “ekoizle” lan hori egiten eta gero harekin grabatu dituzte kantuak. Etxekoa da Erbiti, sei edo zazpi urtez taldeko bateria izan zelako.
Haiek sortutako kantuei letra jartzea eskatu diete hainbat bertsolariri. “Bertsolariek hainbat talderendako letrak sortu dituzte, Euskal Herriko musikarekin duten loturari aitortza egin nahi dugu. Ez da erosotasunez egindako zerbait, aitortza egiteko baizik”, halaxe azaldu du Zatok Beleixe Irratiko (FM 107,3) mikrofonoan. Letra bakoitza bertsolari batek idatzia da.
Diskoaren izenburuaz galdetuta etxarriarrak erantzun du gauza askorengatik aukeratu dutela Mugitu!: “joaten garen tokira joaten garela Tximeletaren filosofia izan da jendea dantzarazteko, ongi pasatzeko mugiaraztea. Baina baita aldarrikatzeko ere. Horregatik, alde guztietatik mugitu”.
Zabalkundea
Zuzenekoetan salduko dituzte diskoak. Hala ere, hainbat tokitan eskuratu daiteke: Irurtzunen, Pikuxar; Etxarri Aranatzen, Xapatero eta Leku Onan; Iruñeko hainbat tokitan eta Elkar dendetan. “Zenbat gehiago saldu hobe, baina diskoaren helburua da Tximeleta taldearen sustapena egitea. Gure izaera eta kantak zabaltzen joatea da helburua”. Mundiñanok ere aitortu du beti nahi izan dutela euren musikaren lekukotza izatea eta diskoarekin lortu dute hori.
Uda sasoiaz galdetuta ez dakiela erantzun du musikariak. “Krisi garaian azkeneko hondarrak kulturarako gelditzen dira eta herri askorendako aurrekontuak asko igotzen direla”. Baina geldi-geldi datak betetzen ari direla azaldu du Zatok.
Historia
Plaza taldea izanik kantu ezagunen bertsioak egitea izan da taldearen filosofia, azaldu du Zatok. “Egia da, noizean behin gure kanturen bat atera dugula bakarren batek eskatu digulako. Baina gure lana bestea izan da”. Jendeak Tximeletakoei euren diskoa noiz aterako zuen galdetu izan dietela aitortu du Mundiñanok. “Baina horrek denbora eta horretara jartzea eskatzen du. Eta gu urte guztia gaude jotzen eta orain arte ez gara horretan aritu”.
Tximeleta 2000 urte akaberan elkartu eta hurrengo urtean hasi zuen plazaz plazako hegaldia. Tartean taldekide aldaketa asko izan dira. Zatok azaldu duenez, “seikotea izan gara beti. Gaur egun soinu teknikaria ere badugu”. Tximeleta gaur egun dira: Gorka Otamendi (bateria), Fabian Tapia (baxua, kontrabaxua, txirula eta gaita), Rafa Moya (gitarra akustiko eta elektrikoak), Jose Olaizola, Animal (teklatuak), Mikel Mundiñano, Zato (trikitixa eta ahotsa) eta Maider Ansa (ahotsa eta panderoa).
Kantuak
Mugitu jaietan (Arkaitz Estiballes): Diskoaren izenburuaren azalpena da. Jaietan mugitu
eta aldarrikatu.
Sorgin bat gehiago (Miren Amuriza): Elkartasun hondartza izena zuen kantuari letra
aldatu diote. Emakumeek taula gainean izan behar duten protagonismoa aldarrikatzea. Festa eta emakumea.
Minutu bat (Beñat Gaztelumendi): Maitasuna, azken gaua. Gai jakin bat lantzea eskatu
ez zioten bertsolari bakarra izan da.
Etxerat (Xabier Silveira): Maite zaituztegu.
Aurrera begira (Julio Soto): Mimoen enkargua. Hiru pertsonaia asmatu eta bakoitza
lotura izatea ihesian zihoan gazte batekin, espetxean bukatzen duen batekin eta, azkenik, zigorra beteta ateratzen den batekin.
Kide zorabiatuaren kunbia (Joseba Andoni Beltza): Gaur egun ezker abertzaleko kide
batek eguneroko borrokan izan dezakeen zalantza. Gauzak etortzen diren moduan etortzen dira eta asimilatzea kostatzen da eta aurre egitea.
Gora Herri Askeak (Manu Gomez): Etxarriko lipdub-erako egin zen. Kataluniako kantu
ezagun baten moldaketa.
Lurrari lotu (Eneko Lazkoz eta Joseba Andoni Beltza): Nafarroako konkistaren
inguruan Etxarri 2012k enkargatutako kantua izan zen.
Tximeleta gara (Iker Zubeldia): Dantzatzeko eta aldarrikatzeko gonbitea. Tximeleta
gara kantuaren ondoren sorpresa bat dago.