Tiratzaileak sokatiran Etxarrin

Guaixe 2014ko maiatzaren 17a

Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketako 2. jardunaldia hartuko du Etxarrik larunbatean

Aurreko larunbatean hasi zen goma gaineko Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketa, Jauntsarasen. 5 kategoriatan jokatzen ari da: gizonezkoak (320 kilo), gizonezkoak (300 kilo), emakumezkoak (265 kilo), emakumezkoak (245 kilo) eta kadeteak (285 kilo).

Hain zuzen ere kadeteetan parte hartzen ari dira talde sakandarrak, Andra Mari ikastolatik sortutako Andra Mari eta Putterri ari baitira kadeteetan, Berriozar eta Ultzama taldeekin batera. Aurten Sakana Sokatira Taldeak ez du talderik plazaratu. Kadeteetan 4 jardunaldiko ligaxka jokatu eta gero, bi talde onenek finala jokatuko dute Lesakan, maiatzaren 31n.

Gaur Etxarrin
Kadeteei dagokionez, Ultzama izan zen onena Jauntsarasen (4 puntu), Andra Mari 2.a (3 puntu), Berriozar 3.a (2 puntu) eta Putterri 4.a (puntu 1). Bihar, larunbatean, txapelketako 2. jardunaldia hartuko du Etxarri Aranatzek, 18:00etatik aurrera. Gizonezkoen 320 kiloko txapelketako 2. jardunaldia, emakumezkoen 265 kiloko 2. Jardunaldia eta kadeteen mailako 2. jardunaldia egongo dira jokoan.