Denok Euskal Jaira!

Guaixe 2014ko maiatzaren 30a

Etxarri Aranazko Gazte Asanbladak egitarau polita prestatu du biharko

Etxarri Aranazko Gazte Asanbladak antolatuta, bihar Euskal Jaia ospatuko dute Etxarri Aranatzen. Horretarako Etxarri Aranazko Udalaren eta Xapatero, Larraza, Lekuona, Iratxo, Derry eta Iturri Eder tabernen laguntza izan du Gazte Asanbladak. Urtetik urtera arrakasta gehiago du festak, eta Etxarri Aranatzen gorriz markatuta dagoen egunetako bat bilakatu da. Etxarriar asko baserritarrez jantzita aterako dira festa ospatzera eta goizetik aurrera egonen da zertaz gozatu: azoka, herri kirolak, dantzariak, bazkaria, bertso poteoa eta kontzertuak.

Euskararen aldeko argazki erraldoia
Euskal Jaia antolatzen dela aprobetxatuta, Etxarri Aranazko euskalgintzak –Etxarriko Euskara Batzordea, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Etxarriko Euskal herrian Euskaraz eta Etxarriko Gazte Asanblada– deialdia egiten die etxarriar guztiei, 14:15ean udaletxearen azpian aterako den argazki erraldoian parte har dezaten. “Argazki erraldoiaren bidez, batetik, aldarrikatuko dugu Etxarri euskararen arnasgune dela, eta arnasgune izaten segi dezan behar diren baliabideak egotea beharrezkoa dela. Bestetik, babesa emanen diogu ekainaren 14an Tolosan UEMAk antolatutako Udalerri Euskaldunen Egunari eta leloari: “Eltzetik eta altzotik euskaraz gara” adierazi du Etxarri Aranazko euskalgintzak.

Etxarri Aranazko Euskal Jaia (larunbatean)
11:00etan: Herri mugimenduen azoka.
12:00etan: Auzoen arteko herri kirolak.
13:00etan: Dantzari txiki eguna.
14:30ean: Bazkari herrikoia.
17:30ean: Bertso poteoa: Eneko Lazkoz, Jokin Uranga eta Unai Gaztelumendi.
22:00etan: Kontzertuak: Arkada Social, McOnak eta Cajon Prieto y los kuajolotes.