Urrezko Banakako Eusko Label Txapelketako final handia gaur, larunbatean, jokatuko da, Azpeitiko Izarraitz kiroldegian. 3 final handi egonen dira jokoan. Gaztetxoenen mailan Iker Vicentek eta Julen Larreak jokatuko dute txapela; Gazteen mailan, aldiz, Ander Erasunek, Ruben Saralegik eta Eneko Otañok jantzi nahi dute txapela; eta, Urrezko mailako final handian Floren Nazabal, Aitzol Atutxa II.a eta Jon Rekondok lehia estua izango dute Urrezko Aizkora lortzeko.
Nahiz eta Floren Nazabal faborito nagusia izan, katedrak aspaldiko finalik estuenetakoa espero du, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondok maila bikaina eman baitute txapelketan, bereziki Atutxak. Hala ere, aurreko urteko titulua berritu nahi du atzera ere etxarriarrak eta dena ematera aterako da. Baina kontu handia izan beharko du, Atutxarekin bereziki.
Ondoko lana egin beharko dute: 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu; 45 ontzakoa erlojuz kontra erdibitu; 60 ontzakoa zutik jarrita ebaki; 60 ontzakoa ahalik eta azkarren erdibitu; kana-erdikoa zutik eta kana-erdikoa etzanda moztu; eta 4 kana-erdiko eta 2 60 ontzako ebakitzea.
Bederatzigarrena janztera
Nazabalek palmares izugarria du. Tartean, 8 Urrezko aizkora ditu, eta bihar bederatzigarrena jantzi nahiko luke.