Floren Nazabalek trofeoen armairuan tokia egin beharko du larunbatean Azpeitian lortutako txapela gordetzeko. Etxarri Aranazko txapeldunak Urrezko Banakako Eusko Label Txapelketa irabazi zuen, Urrezko Aizkora, sekulako lana egin eta gero. Aitzol Atutxa II.a eta Jon Rekondo izan zituen aurkari, baina lehia estuena bizkaitarrarekin izan zuen.
Guztira 6 lan egin behar zituzten, eta azkeneko lanera, 4 kana-erdiko eta 2 60 ontzako ebakitzeko lanera, Atutxatik 16 segundo atzetik iritsi zen Floren Nazabal. Baina iraupen proban nagusitasunez ibili zen maisua eta gauzak bere tokian jarri zituen. Segituan hartu zuen aurrea Floren Nazabalek, eta bigarren enborrerako aurka zuen aldeari buelta eman zion, lehen postua eskuratuz. Atutxa saiatu zen etxarriarraren erritmoari eusten, baina ez zuen lortu eta iraupen proban azkena izan zen bizkaitarra. 14:01ean bukatu zuen iraupen proba etxarriarrak, 16 minututan Rekondok eta 16:01ean Atutxak.
Lan guztiak kontuan hartuta, Nazabalek 24:01 behar izan zuen lan guztiak bukatzeko, Aitzol Atutxak 25:45 eta Jon Rekondok 27:54. Nazabalek bederatzigarren urrezko txapela jantzi zuen, meritu guztiarekin, eta atzera ere aizkoran koxka bat gorago dagoela demostratu zuen.