Asteburua festaz inguratuta

Guaixe 2014ko ekainaren 13a

Etxarriarrek patroiaren eguna, San Kiriko, ospatuko dute gaur. Ohi denez, eguerdiko meza despeditu eta gero eliza kanpoko aldetik soroak bedeinkatu eta uzta ona emateko eskaria berrituko da. Arratsaldean, Andra Mari ermitaren bueltan elkartuko dira koadrilak merendatzera. Tripako zuloa berdindu ondoren, kintoek dantzakia dantzatuko dute eta kalejiran plazara jaitsiko dira etxarriar asko. Han, 20:00etatik 21:00etara eta 22:30etik 3:00etara, Laiotzek dantza doinuak jarriko ditu.

Astelehenean, berriz, etxarriarrak beheko basoan egun pasa eginen dute, San Adrian ospatzeko. Udala eta txistulariak 9:00etan abiatuko dira. Haiek iristen direnean, 10:30ak aldera, fritada (haragi gisatua eta zopa) izanen da denendako. Jatekoaren ondoren kupelen ondoan geldituko dira batzuk eta bazkarirako prestaketak egiten hasi dira besteak. Eguerdian meza izanen da. Bazkaldu eta gero etxarriarrak 18:00ak aldera mugitzen hasiko dira, txistularien doinura. Dantzakia dantzatu eta Gernikako Arbola abestu ondoren, herrirako bidea hartuko dute etxarriarrek, gauerdirako iristeko. Bitartean, plazan Sukar taldearekin dantzaldia izanen da, 20:00etatik 21:00etara eta 22:30etik 3:00etara.

Egun seinalatu horretan norekin bazkaldu ez duten herritarrek bere mahaian bazkaltzeko aukera eskaini zuen udalak, 15 pertsonen muga jarriz. Bi izan dira eskaintzaz baliatu direnak eta ordaindu ondoren udalaren mahaian bazkalduko dute astelehenean.