Madrilgo Universidad Europeak Sakantzen Sarea saritu du

Guaixe 2014ko ekainaren 19a

Jon Etxeberria Ijurra kidearen izenean aurkeztu zen sarea eta Gazte Ekintzaile Sozialen saria lortu du.

“Bi urte eta erdiko lanaren aitortza da. Eskertuta gaude. Lanean segitzeko indarra ematen digu sariak”. Jon Etxeberria Ijurraren hitzak dira saria jasoko duela jakin berritan. Sariaren garrantzia aipatu du etxarriarrak: “Nazioarteko ekintzaile sare baterako ateak zabalduko dizkigu eta hortik onurak etorri daitezke. Bestalde, Sakantzen Sarea atzerrian ezaguna eginen du. Gure metodologiaren berri emanen dugu eta hori ez da egunero gertatzen”.

Etxeberria Madrilen lanean zela izan zuen lehiaketa horren berri duela bi urte. Sakantzen Sarea pasa den urtean aurkeztu egin zen, baina ez zen lehen fasetik pasa. Aurten txosten landuagoa eta Etxeberriaren izenean aurkeztea erabaki zuen sareak, adinagatik eta ezagutzagatik. Martxoan galdetegi luze bat erantzun behar izan zuten. Lehiaketan aurrera egin zuten 30 proiektutako ordezkariak elkarrizketatu zituzten gero eta, hilaren 6an, hamar sarituen berri eman zuen antolakuntzak.

Sari hirukoitza
Irailaren 18an saritu bakoitzak 3.000na euro jasoko ditu. Baina diruaz aparte, gizarte ekintzailetzak aurrera egin eta epe luzera arrakastatsua izateko faktoreak kontuan hartuta, sari hirukoitza jasoko dute. Alde batetik, prestakuntza. Irailean saritu guztiek haien konpetentziak sendotu eta gaitasun pertsonal eta komunikatiboak garatzeko aste beteko prestakuntza saioa izanen dute Madrilen.

Bestetik, sare baten babesa jasoko dute. Madrilen networking guneak izanen dira eta aurreneko egunetik nazioarteko ekintzaileekin harremanetan egoteko aukera izanen dute, ekimenak, baliabideak, kontaktua edota praktika onak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko eta proiektuak indartzeko, edo partekatzeko.

Eta, azkenik, saritutako ekimenei ikusgarritasuna emanen die antolakuntzak bere komunikazio departamentuaren bidez. Sari banaketara proiektuetan interesa izan dezaketen interes taldeak edo haren berri eman dezaketenak gonbidatzen ditu. Langintza hori aurreratzeko Sakantzen Saretik bideoak, argazkiak eta txostenak bidali dituzte dagoeneko. Lehiaketak nazioarteko laguntzaileak dituenez, atzerrian ere hedatzen da hamar ekintzaileen egitasmoa.

Lehiaketaz
Universidad Europearen fundazioak International Youth Foundationekin eta Sylvan/Laurate Foundationekin elkarlanean seigarren urtez antolatu du Gazte Ekintzaile Sozialen sariak. Besteak beste “herritarrek eredu berritzaile, positibo eta aldaketa soziala eraginen dutenak ezagutu beharra duelako”. Gizartea eraldatu nahi duten gazteei babesa eman nahi diete sari horien bidez.