Lastailan jarriko dute Enneco memoria parkeko lehen harria

Guaixe 2014ko ekainaren 19a

Sustatzaileek bi urtetan emandako urrats sendoak eta lortutako oinarri sendoa nabarmendu dituzte.

Nafarroa Bizirik Fundazioak Enneco, haritzaren memoria parkea bulkatzerakoan asmo garbi bat du: Nafarroako Erreinuko esperientzia sozial, kultural, politiko eta instuzional guztia bilduko duen memoriaren espazio baten sorkuntza, 822an Iruñeko Erreinu bezala jaio zenetik konkista prozesu luze bat jasan ondoren, egonkortasun hori azkenean 1620an indarrez kendu zieten arte. Azken batean, “gure Historia Politikoa ezagutzera eman”.

Egitasmoaren koordinatzaile Vicente Azpilikuetak adierazi zuenez, ekimena hasieratik “nazionala eta herritarra” da eta “auzolan nazional eder” gisa definitu zuten. Horren adibide gisa jarri zuten parkeko gunea auzolanean garbitu izana, hilero diru-laguntza ematen duten 600 lagunek eta egitasmoarekin bat egin duten elkarte, alderdi, erakunde, enpresa edo komunikazio taldeak. Memoria parkea bertakoei, bereziki eskolatze adina duten gazteei, eta atzerriko bisitariei zuzenduta dagoela esan zuen Azpilikuetak.

Ikerketa eta hausnarketa bilduko dituen proiektu parte-hartzaile gisa definitu zuen egitasmoa. Gaian “erreferentea” izateko asmoz jaio da proiektua, baina “garai historiko baten musealizazioa baino haratago joanez”. Izan ere, han bildu nahi dituzte gaian espezialistak direnak “euren ekarpen historikoak, dinamikoa, modernoa, elkarreragilea eta etengabe berriztagarria eta berritzailea den produktu bat egiteko beharrezko diren tresna teknikoekin eta metodo pedagogiko aurreratuenekin”. Ikerketa zentroa ere izanen da, beraz.

Sakanaren babesa
Azpilikuetak Sakanako eragileek memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin jaio den egitasmoari emandako babesa eskertu egin zuen. Atzo egindako agerraldian Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorrek esan zuen krisi ekonomikoak egoera zailean utzi duela ibarra eta “gure baliabideak balioztatu dezaketen egitasmoen premia dugu”. Laguntzeko prestutasuna azaldu zuen, besteak beste, “bailarako beste sektore batzuekin sinergiak sortzeko aukerak zabaltzen dituelako, era honetan aktibitate eta lanpostu berriak sortuz”.

Cederna-Garalurreko zuzendari kudeatzaile Isabel Elizaldek Sakana jendearen pasa tokia dela eta pertsona horietatik gehienak Sakanan bisitan geratzea lortu nahi dutela esan zuen. Horretan “jolas- eta aisiarako jarduera-eskaintza bat egoteak lagundu dezake”. Elizaldek memoria parkeari babesa azaldu zion, “ibarrean tira-gaitasuna edukiko duen azpiegitura/baliabidea” izan daitekeelako eta ibarrak horren “premia” duelako. Garalurrek sustatzaileei ere laguntza eman izan die. Aldi berean, besteak beste, turismo-sektoreko enpresetako pertsonendako Ennecori buruzko prestakuntza-ikastaroa antolatu zutela gogoratu zuen.

Sakantzen Sareko Joseba Garmendiak egitasmoari babesa azaldu zion eta nabarmendu zuen memoriaren parkea euren lan moldearekin bat datorrela: “iraunkortasunean eta gure ondarean oinarritzen da, eta historia eta kultura bilakatzen dute turismorako gai erakargarri gisa. Gainera gizartearen parte hartzea bideratzen du, egitasmo irekia eta auzolanean oinarrituta dagoelako”. Hirurek ere nabarmendu zuten memoria parkea Sakanako Plan Estrategikoko ildoekin bat datorrela.

Parte-hartzaileak
Patxi Abasolo Lopez, Nafarroa Bizirik Fundazioko presidentea.
Aitor Karasatorre, Sakanako Mankomunitateko presidentea.
Isabel Elizalde, Cederna Garalur-eko zuzendari-kudeatzailea.
Joseba Garmendia, Sakantzen Sareko kidea.
Joxi Bakaikoa, Etxarri Aranatzeko alkatea.
Iker Manterola, Sakanako Garapen Agentzia
Sergio Iribarren, Nafarroa Bizirik ekimeneko koordinatzailea.
Vicente Azpilikueta, Nafarroa Bizirik Fundazioko koordinatzailea.
Unai Hualde, Altsasuko NaBai 2011ko zinegotzia.