Uruguaiko duela 20 urteko gertakariak gogoan

Guaixe 2014ko ekainaren 20a

Hiru errefuxiatu Espainiaratzeko aginduaren kontrako protestetan bi uruguaiar hil zirela gogoratzeko hitzaldia gaur, 18:30ean Etxarri Aranazko kultur etxean.

Asilo-eskubidearen alde bildutako milaka herritarren aurka gogor kargatu zuen Uruguayko poliziak 1994ko abuztuaren 24an eta bi herritar hil zituen: Fernando Morroni eta Roberto Facal. Haiek eta beste asko Manueltxo Goitia, Mikel Ibañez eta Luis Mari Lizarralde euskal errefuxiatuak Espainiaratzeko aginduaren kontra protesta egitean ari ziren.

Filtro ospitalearen inguruan gertatutako hura “herrien arteko samurtasunaren isla dramatikoa, baina aldi berean hunkigarria izan zen” Askapena erakunde internazionalistarendako. Gertaeren 20. urteurrena gogoan, gaur, Etxarri Aranatzen hitzaldia eta dokumentala izanen dira. Askapenak, bestalde, biharko egun guztirako ekitaldia antolatu du Oñatik gai beraren inguruan.