Triku Trail Kirol Taldeak hainbat babesleren laguntzarekin batera I. Triku Trail mendi lasterketa antolatu du igandean, San Pedro egunean. Lasterketa Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarria da. Proba Etxarri Aranazko kanpinetik abiatuko da, 9:30ean. Korrikalariek 21 km eta 1.400 metroko desnibel positiboa duen lasterketari egingo diote aurre, guztira 2.800 metroko desnibel metatua izango duena. Izena ematea ostegunean itxi zen eta 300 kirolari zeuden izena emanda. Probako zeuden toki guztiak agortu ziren, beraz.
Harizti, pagadi eta trikuharrietatik barna
Etxarri Aranazko Trikuharrien ibilbidea oinarri hartuta, ibilbide hori luzatu dute antolatzaileek, mendi lasterketetan ibiltzen diren Etxarri Aranazko korrikalariek. Proba zorrotza izango da, baina ezberdina. Izan ere, mendi lasterketa gehienetan mendiak igotzera jotzen da. Baina Trikutraila gehienbat basoan garatuko da. Kanpinetik abiatuta, hariztien ibilbidetik hariztien eta pagadien artean ia estalita ibiliko dira korrikalariak. “Sentsazioa ezberdina da. Mendi lasterketa baino, baso lasterketa da gehiago. Kristoren basoa da hau eta ibilbide oso ederra” adierazi dute antolatzaileek.
Horrela, kanpinetik aterata Maitzegurretik pasatuko dira korrikalariak, eta segidan Auntzetxetik. Ibilbidean aurrera eginez, Axioren putzua pasatu ondoren Lizarrustira helduko dira. Ondoren Txaradigorri eta Hirumugeta igoko dituzte, Otxentara jaitsi eta Fagamendi igotzeko. Handik jaitsita, Etxarriko kanpineko helmugan despedituko da proba. Ibilbidean barna hornidura guneak egongo dira. Antolakuntzak proba egiteko lau ordu eta erdiko denbora eman du. “Jendea animatu dadila eta presio gabe lasai etor dadila. Ez dago guztia zertan korrika egin behar, bakoitzak ahal duen erritmoan egin dezala. Dena den, norbaitek ikusten badu larri dagoela, irteera eremu batzuk ere markatu ditugu, jendeak proba uzteko” adierazi dute Triku Traileko antolatzaileek.
Sariak, opariak eta auzatea
Antolatzaileek 1.200 euro banatuko dituzte sarietan. Lehendabiziko gizonak eta emakumezkoak txapela, trofeoa eta 300 euro jasoko dituzte, bigarrenek 200 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 100 euro eta trofeoa. Lehen sakandarrendako eta etxarriarrendako ere trofeoak izanen dira. Horretaz gain, korrikalari guztiek kamiseta teknikoak jasoko dituzte eta proba ondoren auzate ederra egonen da guztiondako.
Proba antolatzeko makina bat etxarriar eta boluntario ariko dira lanean.
trikutrail.wordpress.com
Probako informazio guztia, ibilbideen tracka barne. Facebookean ere (Trikutrail).