Enneco ezagutu gabe joan da Basterretxea

Guaixe 2014ko uztailaren 14a

Basterretxea, Nafarroako arte ordezkariak eta Etxarriko Udaleko ordezkariak Enneco interpretazio gunea hartuko duen tokian.

Euskal artearen izen handienetakoa zenak Nafarroako historia eta imaginario kolektiboa jasoko ditu Etxarri Aranazko parkerako eskultura bat eman zuen.

Bermeon sortu zen Nestor Basterretxea duela 90 urte eta Hondarribiko bere etxean hil zen larunbatean. Gaur, 20:00etan, azken agurra jasoko du Donostiako Zorroagan eginen den ekitaldi zibilean. Hara joanen direnen artean Etxarri Aranazko Udalaren ordezkaritza bat izanen da. Aurretik, dolu-eskutitza bidali diote Etxarri Aranazko Udaletik familiari.

Basterretxea duela urte bat egon zen Etxarri Aranatzen (2013-07-02), Nafarroako artearen ordezkaritza batekin. Udaletxean Nafarroa Bizirik fundazioko koordinatzaile Vicente Azpilikuetak Enneco, haritzaren memoria interpretazio zentroari buruzko azalpenak eman zizkien. Bilera eta gero Basopokale eta Danbolintxulo artean parkea hartuko duen parajera bisita egin zuten.  Duela urte bat Basterretxeari aurkeztutako ideia haren gogoko izan zen eta interpretazio zentrorako obra bat donatuko zuela jakinarazi zuen. Interpretazio zentroa martxan jartzeko ekimen guztietan kolaboratzeko asmoa azaldu zuen.

Eskultura  
Lastailaren 4an aurkeztu zuten Iruñean eskultoreak eta Nafarroa Bizirik fundazioak egitasmorako egin zuen Enneco eskultura. 5 metroko altuera izanen duen altzairuzko obra da. Lauki luze horizontal bat eta xafla borobildu batzuk osatzen dute. Eskultorearen esanetan, artelanak harresi eta bihurguneak irudikatzen ditu. Harresia, Estatuen zapalkuntza, errepresio eta sufrimenduari erreferentzia eginez. Bihurguneak, Nafarroak bizirik irauteko gaitasuna eta borondatea duelako. Horrela, zurruntasuna eta malgutasuna kontrajarri ditu, Eneko Aritza errege nafarraren izena daraman artelanean.

Basterretxeak aurkezpenean esan zuenez, eskulturak Nafarroaren “bizi-goraldiaren historia mingarria” erreproduzitzen du. “Artelan bat ez da beti balio estetikoekin egindako aurre-azterketa baten emaitza; batzuetan gai batek lanaren estetikara eramaten zaitu eta hau kasu horietako bat da”. Nafarroarekiko duen maitasunak motibatu zuela nabarmendu zuen eskultoreak.

Nafarroa Bizirik fundazioari eman zion eskultura Basterretxeak. Parkearen sarreran kokatuko da obra eta interpretazio zentroaren ikurra izanen da. Enneco, haritzaren memoria proiektuaren alde Nafarroa Bizirik Fundazioari 2000 edota 6000 euroko dohaintza egiten diotenek, eskulturaren erreprodukzio bana jasoko dute, Basterretxeak sinatuta, eta agiri legal guztiekin.