Mandoibai elkartea eta baratza kolektiboa

Guaixe 2014ko uztailaren 25a

Biharko ikastaroa elkarlanaren fruitua izanen, Sakantzen Sarearen eta Mandoibai elkartearen artekoa. Azken horretako kideak Beleixe Irratian (FM 107,3) izan dira euren esperientziaren berri emateko. Joxan Jakak gogora ekarri zuen duela lau urte hasi zirela hainbat etxarriar baratze ekologikoez hizketan. “Beharra zegoen eta jendearen arteko komunikazioa falta zen”, zehaztu du Jakak.

Kezkak halakoetan aritutako jendea ekarrarazi zuten, “nondik jo azal ziezaguten. Hortik aurrera talde polit bat elkartu ginen eta martxan jarri ginen”. Udalari egitasmoa aurkeztu lur eremua utzi zien. Bigarren urtea da baratzekin. Pasa den urtea antolatzen ikasten eman zuten. Hainbat gabezia zituztela esan du Jakak. Orreaga Zubeldiak gaineratu duenez, “aurreko urtea etsigarria izan zen euria egin zuelako eta ezin izan genuen ezer egin. Orain poza ematen du hara joan eta ikustea”.

Antolaketa
30.000 metro karratu utzi zien udalak. Haien abiapuntua baratze ekologiko bat da. Hortik 500 metro hartu dituzte baratzetarako eta 10 bat pertsona aritzen dira hura lantzen. Dagozkien kuotak ordaintzen dituzte. Asanbladan erabakitzen dituzte gauzak. “10 pertsonak diseinatu behar dugu baratza, 10 pertsonak adostu behar ditugu erabakiak” azaldu du Arantzak Beleixe Irratian (FM 107,3). Talde baratzean aritu nahi duen edozein etxarriarrari handik pasatzera gonbidatu diote, “jendearendako tokia dago, zabalik dago taldea”.

Jakak Mandoibai elkarteko kideen arteko komunikazioari eman dio garrantzia. “Batzuetan, batek bakarrik gehiago egin dezake. Baina motz gelditzen da. Jende artean eginda gehiago kostatzen da baina gauzak hobe ateratzen dira”. Zubeldiak elkarlanean aritzeari eman dio balioa: “nik ez dakit ezer ez eta taldean badago dakien jendea eta irakasteko prest dagoena”. Zubeldiak dioen moduan, “biltzen gara, gure artean baratzeko kontuez aritzen gara eta lurra zaintzen eta haren fruituak jasotzen ikasten dugu”.

Ideiak
Baratzekin hasi badira ere, baina sentsibilitate ezberdinak daude kideen artean eta egitasmo ugari dituzte. Batzuk ikastetxeekin lanketa bat egin nahi dutela adierazi digute: “Garai batean gure gurasoek eramaten gintuzten, baina gaur egun herri bat da, baina hiriaren bizimodu bera dugu. Haurrak ikasten hasteko modu bat da”.

Nekazaritza ogibide gisa hartu nahi duenak hor hasteko toki bat izan dezakeela ere esan dute Beleixe Irratian (FM 107,3). Baina asanbladatik pasa beharko luke. Aldi bat egon eta gero beste toki batean segitzea. Halako ideiak eta gehiago dituzte buruan. Nekazaritza ekologikoa lantzen ikasi nahi duenak aukera ederra duela azaldu dute.