Etxarri Aranazko festetan tradizioa denez, txirrindularitzak bere lekutxoa izango du. Aurreko urteetan kadeteen proba jokatzen zen, baina, aurten jubenilen mailako proba jokatuko da Etxarrin, bihar, asteazkenarekin, 17:00etan eta Aralar Txirrindularitza Klubak antolatuta. Eta ez edonolakoa. Zehazki, XXVIII. Iruñeko Itzuliko 2. etapa hartuko du Etxarrik, Etxarri Aranatzen hasi eta despedituko dena. Jakina, Burunda eta Aralar Txirrindulari Klubetako txirrindulari sakandarrak lehiatuko dira bertan.
Etapa ederra
Etxarritik aterata, Arbizura joango dira, Lizarragabengoatik pasa eta Etxarriraino iristeko. Ondoren, Etxarren Arakileraino joko dute, buelta hartu eta Arbizutik atzera ere Lizarragabengoatik pasatzeko. Ondoren, Etxarritik Lizarragarantz eginen dute, Lizarragako portua igo eta Arbizutik jaisteko. Berriro Lizarragabengoara jo eta Etxarritik pasa ondoren, Lizarragarantz joko dute, Unanura heldu eta Arbizurantz jaisteko. Lizarragabengoatik pasa eta gero, Etxarri Aranazko helmuga izango dute helburu txirrindulariek, 89 km-ko proba osatu eta gero.
Juniorren 28. Iruñeko Itzulia gaur hasiko da, asteartean, Iruñeko Gaztelu Plazan hasi eta Mutiloan despedituko den 85 km-ko etaparekin. Bigarren etapa Etxarrik hartuko du, bihar, eta hirugarrena eta azkena, agorrilaren 8an jokatuko da, ostegunean, Iruñeko Santo Domingo kaletik hasi eta Caballo Blancon despedituko dena (99,5 km). Aurreko urtean egun Rural Kutxa talde afizionatuan dabilen Odei Juango lakuntzarrak, orduan Aralar klubeko Irabia taldean zegoenak, irabazi zuen nafar onenaren saria.