Urte bat beteko du gaur Zorri Azokak edo azoka sozialak. Sakanako artisauak eta nekazaritza eta abeltzaintza ekoizleak elkartzen dira egitasmo horretan. Hileko lehen ostiralero euren mozkinak salgai jarri dituzten plazan, azoka bestelako eskaintzekin osatuz. Gainera, hilero ibarrekoak ez ziren ekoizle bat edo bi gonbidatzen zituzten. Gaur Zorri Azokatik pasa diren artisau eta ekoizle guztiak daude gonbidatuak. Ikuskizunek ere tokia izanen dute, ohi bezala.
Zorri Azokaren sustatzaileen luzerako helburua da Etxarri Aranatzen Sakanarako, Goierrirako eta abarrerako erreferentziazko azoka bat sortzea. Urtebeteko eskarmentuarekin azalpenak eman dituzte Beleixe Irratian (FM 107,3) Alazne Juanizek eta Susana Aiestaranek.
Azoka bakoitza egin baino bi aste lehenago elkartzen dira kideak,“zorritsuak”, hura prestatzeko, asanbladan. Aiestaranek aitortu duenez, “azoka bat zerotik sortzea ez da erraza izaten ari. Jende asko gara. Zailtasunak sortzen dira, baina ikasten ari gara”. Aldaketak egon badira ere, Juanizek urte betean taldea sortzeri eta egonkortzeari garrantzia eman dio. Sakanako artisauak eta ekoizlek parte hartzera gonbidatu dituzte.
Harreraz
Orokorrean harrera oso ona izan dela esan digu Juanizek, “Lortu dugu etxarriarrak hurbiltzea. Bada jendea ostiralero pasatzen dena azokatik. Baina ez dugu lortu beste herrietatik etortzea”. Aiestaranek gaineratu du ez dutela arlo hori landu, hala ere, “egin dugun gutxiarekin nahiko jende jakinaren gainean dago”.
Salmentez galdetuta batzuk asko eta beste batzuk batere ez dutela saltzen aitortu digute. “Ez da berdina iduneko bat edo koadroa bat saltzea” esan du Aiestaranek Beleixe Irratian (FM 107,3). Baina azken horiek azoka euren burua ezagutzera emateko aukera ederra ikusten dute azokan eta, horregatik, jarraitzen dutela azaldu du Aiestaranek. Azokari denbora emateko asmoa dute parte-hartzaileek.
Bai Aiestaranek bai Juanizek aitortu dute orain arte lan handia egin dela, Azken horrek gaineratu du: “daramagun denbora laburrean nahiko lortu dugu. Ez dugu lortu nahi genuen guztia, baina lortuko dugu”. Hala ere, konturatu diren zenbait aldaketa egin behar direla.
Gaur egungo eskaintza
Egurra lantzen duten artisauak, haria makramearekin lantzen dutenak, bitxigileak, paper eta oihala lantzen dutenak, bertako nekazari eta abeltzainak… horiek dira Zorri Azokan opa daitezkeen produktuetako batzuk. Juanizek azaldu duenez, “ekoizleen artean joan etorriak izan badira ere, produktua mantendu da”.
Erronka handiena, Aistaranendako, artea da. “Artearekin ez dugu gertuko harreman bat. Arte ikusteko, edo arteaz gozatzeko joan behar duzu museo, galeria batera edo… Azokaren espazioan artista batzuk euren koadroak, eskulturak… aurkezten ditzakete. Niretako polita da arteari bere tokia ematea, erronka da, jendea ez dagoelako ohituta koadroak kalean ikustera”.
Truke txokoa
Azoka guztietan, 19:00etatik 20:00etara, gauzak trukatzeko tartea eskaini da. Biek ere aitortu dute ez duela funtzionatu. Antolatzaileak bakoitza bere postuan egon behar duenez, truke txokoaz ez da inor arduratu eta jarritako helburuak ez dira bete. Horregatik, irailetik aurrera taldea arduratuko da hartaz. Juanizek esan digunez, “gauza txikiarekin hasiko gara. Arropa, liburuak, diskoak… halakoak egonen dira. Politena eta garrantzitsuena trukea egitea da. Jendea zerbaitekin etortzea eta zerbaitengatik aldatzea”. Aldi berean, gutxieneko prezioa duten gauzak ere salduko dituzte, azokako gastuei aurre egiteko.
Irailean, data aldaketa
Gaur Zorri Azokak urte bat beteko du. Hileko aurreneko ostiralero izan da azoka Etxarri Aranazko udaletxeko estalopean edo plazan. Ostiraletan Etxarrin jendea ateratzen denez, data egokia izan zitekeela pentsatzen zuten. Antolatzaileek datari eutsi diote aukera eman nahi ziotelako, baina ikusi dute ez dela egokiena “Sakanako azoka egin nahi badugu”. Neguan azoka jartzen zutenerako dagoeneko ilunduta zegoen. Gainera, nekazariendako eta abeltzainendako ez zen ona ostiral arratsaldea. Aldi berean, goizez gehiago saldu daitekeela uste dute.
Arrazoi horiek guztiengatik, irailetik aurrera Zorri Azoka igande goizetan izanen da, 11.00etatik 15:00etara. Igandeetan izatean parte hartzeari utzi dioten ekoizle batzuk bueltatuko dira eta Sakanako ekoizleen parte hartzea handituko dela uste dute. Aldi berean, sakandarrak Etxarrira errazago joateko aukera izanen dute.
Herrietara
Bere burua Etxarritik kanpo ezagutzera emateko udan Zorri Azokak Irurtzunen, Uharte Arakilen, Arbizun, Bakaikun eta Iturmendin egin dira. Agorrilaren 22an Lakuntzan eta 30ean Irañetan izanen da azoka. Udalei emandako babesagatik eskerrak eman diete. Baita Etxarri Aranazkoari ere. Herrietako promozio azoka horiek udan egin beharrean urtean zehar egitea aztertuko dute aurrerago, jendea udan oporretan egon daitekeelako.
Harremanetarako
zorriazokainfo@gmail.com