Urrezko Kopa
1.Floren Nazabal: 31:01
2.Aitzol Atutxa: 31:54
3.Iñaki Azurmendi: 33:27
4.Unai Otaño: 34:46
5.Joxemari Olasagasti: 35:22
Abuztuaren 17an jokatu zen Urrezko Kopa, Aste Nagusian murgilduta zegoen eta jendez beteta zegoen Donostiako Trinitate Plazan. Urrezko txapelketan sailkatutako 5 aizkolari onenak lehiatu ziren. Aizkolari bakoitzak 14 kanaerdiko erdibitu behar izan zituen, lan ezberdinetan.
Floren Nazabal zen faborito nagusia eta etxarriarrak ez zuen huts egin. Hori bai, Aitzol Atutxarekin lehia estua izan zuen eta hasieran bizkaitarra hasi zen nagusitzen, baina probak aurrera egin ahala etxarriarra aldea ateratzen hasi zen. Azkenean Floren Nazabalek 53 segundo atera zizkion bizkaitarrari eta etxarriarrak irabazi zuen Urrezko Kopa.
Orain, Euskal Herrikoa
Euskal Herriko maila nagusiko txapelketa prestatzen ari da orain aizkolari etxarriarra. Izan ere irailaren 13an jokatuko da txapelketako kanporaketa, Aian. 12 aizkolari lehiatuko dira guztira, tartean Floren Nazabal, eta sei onenak sailkatuko dira final handirako.
Nazabal bigarrena Ramon Latasa Memorialean
Euskal Herriko aizkolari onenen 5 bikotek Ramon Latasa Memoriala jokatu zuten abuztuaren erdialdean Sunbillan. Ondoko bikoteak lehiatu ziren: Aitzol Atutxa-Ugaitz Mugerza, Nazabal-Erasun, Azurmendi-Rekondo, Olasagasti-Otaño eta Larretxea-Etxeberria. Egin beharrekoa, txantxa gutxitarako: biko bakoitzak 16 enbor erdibitu behar izan zituen, 10 kanaerdiko eta 6 60 ontzako. Hasieran Nazabalek eta Erasunek hartu zuten aurrea, baina hirugarren enborrean Atutxak eta Mugerzak aurreratu zituzten eta nahiz eta seigarren enborrean Nazabal eta Erasun gainean izan, abantaila mantendu zuten bukaerara arte. Hortaz Atutxa eta Mugerza gazteak gailendu ziren (26:23), Nazabali eta Erasuni minutu eta 38 segundo aterata (28:05). Azurmendi-Rekondok osatu zuten podiuma (29:50).