Etxarriko I. Pala Txapelketa Mistoa antolatu dute

Guaixe 2014ko irailaren 4a

Gure Pilota eskolan edo Kaxetan eman behar da izena, irailaren 14a baino lehen

Etxarri Aranazko Udalak, Aukera Berdintasun Batzordeak eta Etxarri Aranazko Gure Pilota Elkarteak Etxarriko I. Pala Txapelketa Mistoa antolatu dute. Izenak dioen bezala, txapelketan bikote mistoek eman beharko dute izena, gizonezko batek eta emakumezko batek. Helburua emakumea eta pilota sustatzea da.

Bi ekimen: Pala Txapelketa Mistoa eta erakusketa
Etxarri Aranazko Udalak Emakumeen Pala Eskolak egindako lana eskertu nahi izan du aurten. Aipatu taldeak jaurti zuen Etxarri Aranazko festak iragartzeko txupinazoa. Etxarriko Ferietara begira, omenaldi horri edukia eta jarraipena eman nahi zaio, eta horretarako bi ekimen antolatu dira. Lehena aipatutako Etxarriko I. Pala Txapelketa Mistoa da. Bikote mistoek eman dezakete izena. Partidak irailaren bigarren hamabostaldian jokatuko dira eta final handia Ferietan. Bigarrenik, Emakumea eta Euskal Pilota erakusketa ikusgai jarriko da Etxarri Aranatzen. Aipatu erakusketan XX. mendean mundu osoko frontoi garrantzitsuenetan emakumeek izandako presentzia erakutsi nahi da, eta baita Etxarriko Pala Eskola ere bai. Irailaren 22tik urriaren 3ra bitartean egongo da ikusgai aipatu erakusketa, Etxarri Aranazko Kultur Etxean.

Izena emateko
Irailaren 14a baino lehen, Gure Pilota elkartean (Migel Aristorena: 948 567 086, 657 740 362 ) edo Etxarri Aranazko Kaxetan.