Udaletxetik adierazpen askatasun eske

Guaixe 2014ko irailaren 4a

Etxarri Aranazko festetan izan  zirenak udaletxean adierazpen askatasunaren aldeko ikurra irudikatua ikusi zuten udaletxean. Udalak horrela Nafarroako Administrazioarekiko Epaitegian garilaren 8an emandako epaiaren kontra protesta egin zuen. Izan ere, epaiak udaletxeko fatxadan inolako esaldi, ikur edo irudirik jartzea debekatu du. Halakorik egiten duen hautetsia desgaikuntza-zigorra eta isuna jasoko lituzke bestela.

Etxarri Aranazko Udaletik “gogor salatu dute” epaia, “etxarriarron askatasuna errotik urratzen duelako eta udal batek izan beharko lukeen eskubide demokratiko oinarrizkoenak ukatzen dituelako: adierazpen askatasuna eta aldarrikapen eskubidea”. Halako epai orokor bat jaso duen udal bakarra Etxarrikoa dela ere salatu dute udaletik.

Aldi berean, udal arduradunek gaineratu dute bestelako adierazpen bideak baliatuko dituela egin beharreko aldarrikapenak tokia izan dezaten, esaterako: ingurumena, euskara, giza-eskubideak, sexuen  arteko aukera berdintasuna, beste herrialdeekiko elkartasuna…

Bestalde, PPk Etxarrin duen zinegotziak, Juan Antonio Extremera Apestegiak, festa hasiera politizatu izana gaitzetsi zuen eta festetan ez dela inolako ideologiarik inposatu behar esan zuen. Extremerak salatu zuen, Ikurren Legeak dioenaren kontra udaletxean ikurrina eta koroarik gabeko Nafarroako bandera jarri zirela. “Gainera, udaletxeko balkoietatik presoen aldeko pankartak erakutsi dira”.