1980tik, urtero moduan, 1936an Sakanako fusilatuen senitartekoak biltzen dituen elkarteak eta Etxarri-Aranazko Udalak ekitaldia antolatu dute iraileko aurreneko igandean. Estatu kolpe haren ondorioz nazionalek eraildakoen omenezko ekitaldia izanen da. Ohi bezala, orduko garaiak ekarriko dituzte gogora, eraildakoei dantza eginen zaie, hizlaria izanen da eta despeditzeko auzatea ez da faltako. Guztia Faxismoaren aurka. Oroimenaren alde lelopean. Aurretik elkarteak antolatutako elizkizuna izanen da.
Udaletik gogora ekarri zutenez, 1936ko garilaren 18ko “altxamendu militar faxistak odolez eta malkoz bete zituen Etxarri eta Sakanako herri guztiak”. Ondorioz sindikalisten, haien eskubideen alde aritu ziren emakumeen, hautetsi ezkertiar edo abertzaleen eta irakasle, sendagile eta funtzionario aurrerakoien kontrako “errepresioaren alderik krudelena pairatu” zuela gogoratu dute Etxarri Aranazko Udaletik, nabarmenduz faxisten erasoa herritar guztiengana hedatu zela.