Bihar eginen da erromeria Konzezion

Guaixe 2014ko irailaren 5a

Ospakizuna Ama Birjinaren  jaiotzeko bederatziurrenaren barruan egitea erabaki du kofradiak.

 

 

Hilaren 8an katolikoek Ama Birjinaren jaiotza ospatzen dute. Horregatik, Etxarri Aranatzen agorrilaren azken egunetik 8ra arte bederatziurrena ospatzen dute Andra Mari ermitan. Pello Etxabarri Razkin apaizak proposatuta, bederatziurreneko larunbatean Konzezioko erromeria egitea adostu zuen kofradiak. Ermita berrituan bihar, 12:00etan, izanen da meza. 

 

Garagarrilaren 21ean Konzezioko kofradiako 20 bat kide Andra Mari ermitan elkartu eta han erabaki zuten ospakizunaren data. Apaizak azaldu digunez, Konzezio eguna berez abenduaren 8an da baina eguraldiagatik data aldatzea erabaki dute. Garagarrileko bileran kofradiak bere estatutuak berritzea erabaki zuen. Aldi berean, hildako kofradeen alde urtero meza ateratzea erabaki zuten. Aurretik, etxarriarrei kofrade egiteko deia egina zieten eta 100 bat dira orain kideak. Urtero 3 euro ordainduko dituzte. 

 

Etxarriarrek joan zen urteko irailaren 21ean egindako elizkizunarekin batera ikusi ahal izan zituzten Konzezio ermitan aurreko lau urteetan egindako lanak. Ermita goitik behera zaharberrituta gelditu da. Hura zaintzeaz Konzezioko kofradia arduratuko da.