Etxarriarrak Kataluniako herri galdeketen antolatzaileei egindako omenaldian

Guaixe 2014ko irailaren 8a

Etxarriarrak Anna Arque eta Juan Manel Ximenisekin, besteak beste. Argazkia: www.vilaweb.cat

Joxi Bakaikoa alkatea eta A13 plataformako Manu Gomez Arenys de Munt-en izan ziren.

Duela bost urteko Diadatik bi egunera (irailak 13) Maresme eskualdeko Arenys de Munt herrian Kataluniaren indepententziari buruzko aurreneko herri galdeketa egin zen. Ondoren Kataluniako 554 herritan egin ziren galdeketak. Haiek guztiak antolatzen ibili ziren pertsona eta plataformak omentzeko ekitaldia antolatu zuten atzo Arenys de Munten.

Etxarri Aranatzen apirilaren 13an egin zen herri galdeketa antolatu zuen plataformako kide Manu Gomez eta Etxarri Aranazko alkate Joxi Bakaikoa han izan ziren. Lehenak Etxarri Aranazko esperientziaren inguruko hitzaldia eman zuen. Biek ere prentsari adierazpenak egin zizkioten gainera. Katalunian eta Euskal Herrian izan ziren lehen herri galdeketetako herrien artean dagoen harremanaren isla izan zen atzokoa.

Lehen herri galdeketa hartako sustatzailea Josep Manel Ximenis izan zen eta atzokoan gogora ekarri zuen boluntarioek gainditu behar izan zituzten “beldur ugariak, oztopoak eta udalen eta Espainiako Gobernuaren mehatxuak”. Milioi bat pertsonek independentziari baiezkoa edo ezezkoa emateko aukera izan zutela nabarmendu zuen, gaineratuz, “galdeketa haiek gaur egungo egoera ekarri dute. Lider politikoek euren beldurrak gainditu beharko dituzte azaroaren 9an bozkatu ahal izateko”.