Euskal Herriko lehen mailako 6 txapel ditu Floren Nazabalek eta zazpigarrena janzteko bidea hasiko du bihar. Izan ere, bihar, irailaren 13an, Aian Euskal Herriko maila nagusiko aizkora txapelketako kanporaketa jokatuko da, gaueko 22:00etan. Aurrekoan Etxarri Aranazko aizkolaria ez zen fin ibili eta pronostiko guztiek huts egin zuten, Iñaki Azurmendik irabazi baitzuen txapelketa. Aurten sasoiko dago Etxarrikoa eta bere zazpigarren txapela izango litzatekeena lortzeko dena emango du. Bera da faborito nagusiena, baina gainontzeko aizkolarien maila ere izugarria da eta lehia estua espero da
Kanporaketako aizkolariak
Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Joseba Otaegi, Jesus Mari Mujika, Jose Mari Olasagasti, Unai Otaño, Jon Irazu, Floren Nazabal, Jon Rekondo, Ander Erasun, Ruben Saralegi eta Juan Jose Lopez Azpilikueta.
Aizkolariek egin beharreko lana ondokoa izango da: 54 ontzako bi enbor, 60 ontzako bi enbor eta 72 ontzako bi enbor erdibitzea. Lehen sei onenak oraindik zehaztu ez den final handirako sailkatuko dira.
Igandean Erasunen kontra
Igandean, Labastidan, 13:00etan, Floren Nazabal Ander Erasunen kontra ariko da Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako beste jardunaldi baten barruan.