Euskal Herriko I. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa
1.Atutxa: 18:32
2.Nazabal: 19:38
3.Otaño: 20:06
4.Olasagasti: 20:11
5.Azurmendi: 20:23
6.Otaegi: 20:43
7.Erasun: 21:07
8.Irazu: 21:17
9.Rekondo: 22:05
10.Saralegi: 22:13
11.Mujika: 24:34
Larunbat gauean Euskal Herriko Maila Nagusiko Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zen Aian. 11 aizkolari lehiatu ziren eta horietatik seik lortu dute finalerako sailkatzea, kanporaketan lehen sei postutan sailkatu zirenak, alegia: Atutxa, Nazabal, Otaño, Olasagasti, Azurmendi eta Otaegi. Jexuxmari Mujika azkena sailkatu zen eta horregatik maila galdu du eta 2. mailan aritu beharko du hurrrengo urtean. Juanjo Lopezek ezin izan zuen kanporaketan izan, gaixorik zegoelako, eta azkenaurreko postuan sailkatu zen Saralegirekin lehen mailari eusteko kanporaketa jokatu beharko du.
Kanporaketan hiru multzotan banatuta aritu ziren aizkolariak eta bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Floren Nazabal zen kanporaketa irabazteko hautagai nagusia baina Aitzol Atutxa nagusitu zitzaion etxarriarrari. Bi aizkolariei multzo berean lehiatzea tokatu zitzaien eta esan beharra dago lehia polita izan zela. Atutxak itxura aparta eman zuen. Aldiz, Nazabal arazo fisikoekin ibili da azken astean, kanporaketara ez aurkezteko zorian egon omen zen, baina, azkenean, aurkeztu eta bigarrena sailkatu zen.
Finalari begira abisua eman du Atutxak, hautagaietako bat izango dela, alegia. Floren Nazabalek faborito izaten jarraitzen du, baina Euskal Herriko zazpigarren txapela jantzi nahi badu, gogotik egin beharko du lan.
Igandean Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako jardunaldia jokatu beharra zuen Nazabalek, Labastidan, Ander Erasunen kontra. Arazoekin jarraitzen zuelako Donato Larretxeak hartu zuen Nazabalen tokia. Erasun (24:14) gailendu zitzaion Larretxeari (26:47).